argia.eus
INPRIMATU
Martxan da Belaguako Garrido Jeneralaren kuartelaren eraistea
  • ErriBerri eraikuntza enpresak sei hilabete ditu Izabako lursaila “inguruarekin bat datorren egoera naturalean” uzteko. Orain lanen bigarren faseari ekingo diote, hondakinak, zimenduak eta gasolio depositu zaharrak kentzeko.

Julene Flamarique 2024ko azaroaren 06a
Garrido Generalaren kuartelaren eraispenak mendirako bistak baimentzen ditu Diario de Noticias de Navarra

Hilabete bat besterik ez da igaro Belaguako aterpe militarra behera botatzen hasi zirenetik. Garrido Jeneralaren kuartela ez da 2005tik erabiltzen, eta datorren udaberrian ez da eraikinaren arrastorik geratuko. “Erraza izan ez bada ere, hona iristeko ibilbide judizial garrantzitsua izan dela” berresten du Carlos Anautek, Izabako alkateak.

Urriaren hasieran hasi zituen obrak ErriBerri enpresak, eta sei hilabeteko epea du 495.000 euroko balioa duen Defentsa Ministerioak esleitutako lana egiteko. Orain obra-hondakinak baino ez dira geratzen. Bigarren faseari ekingo diote, hondakinak, zimenduak eta gasolio depositu zaharrak kentzeko. Amaieran mendi-magalean belarra ereingo dute.

Defentsa Ministerioak hamar urte eman zituen lursailak itzultzeko

1981. urtean hasi zen eraikitzen aterpe militarra, Espainiako Armadaren "erabaki estrategiko" batek Erronkariko Ibarreko Batzar Nagusia behartu zuenean Armadari 10.500 metro koadro ematera. 2005ean garrantzi militarrik ez zuela erabaki, eta abandonatu egin zuten. Harrezkeroztik lursaila leheneratzeko bidea hasi zuten bailarako bizilagun nahiz autoritateek. 2010ean Ibarreko Batzar Nagusiak kuartelaren eraistea lortzeko prozesu judiziala martxan jarri zuen lursaila Izabako Udalak berreskura zezan. Hainbat helegite jarri ostean, 2013an Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak batzarraren aldeko epaia eman zuen. Defentsa Ministerioak ez zuen bete, eta beste hamar urte igaro ziren 2023an auzitegiak Defentsa “inguruarekin bat datorren egoera naturalean” behartzen zuen autoa eman zuen arte.

“Hiruzpalau astean eraikina lurrera bota eta arriskua kendu dugu. Botatzea da gutxien kostatzen dena. Barrutik garbitzen hasi ginen, eta orain hormigoia birrintzen eta burdina ateratzen ari gara”, azaldu du obraren buru Roberto Izquierdok. 2023ko Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren autoak jaso zuenez, “aldez aurretik egiaztatu behar da lurzoru horiek ez daudela kutsaturik, urte askoan abandonu eta kontserbazio egoera tamalgarrian egon diren gasolio biltegietako eta hobi aseptikoetako hondakinik gabe”.

“Irudi txarra ematen zuen hondamena eta arriskua”

“Asfalto kanpainan” daudelako kamioiak falta direla dio Izquierdok. Kuartelaren kokalekuak eta orografiak lanak zailtzen dituztela ere azaldu du. Klimatologia dela eta neguan lanak eten beharko dituztela esplikatu du enpresak, eta, hegala erein arte itxaron beharko dutela azpimarratu du. Kuartelaren eraistea “albiste ona” dela adierazi du Izabako alkateak, bertako autoritate, mendizale zein ekologisten antzera. “Aterpeak irudi txarra ematen zuen, hondamena eta arriskua zen. Ateak eta leihoak zigilatu behar izan genituen, eta hala ere jendea sartzen zen. Bideraezina zen beste erabilera bat ematea; onena da eremua lehen zegoen bezala uztea”, gaineratu du.