Bi lurraldeak konfinamendua leuntzeko fasetan sartuta daudela argudiatuta, eta Santiagoko zubiko trafikoa arintzeko eskatu diote bi alkateek Frantziako eta Espainiako gobernuei muga zabal dezaten. Muga gurutzatzen duenari berrogeialdia ezarriko zaiola gobernuek iragarri ostean egin dute eskaria bi udalek.
Martxoaren 16tik daude Polizia kontrolak Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Apirilaren 11an, ordea, kontrolak soilik ez, mugak ere itxi zituzten. Santiagoko zubia utzi zuten zabalik soilik, bi lurraldeen artean dauden eguneroko joan-etorriak nolabait bideratu ahal izateko.
Konfinamendua zorrotzen egon den garaietan komunikazio bide hori nahikoa zela adierazi dute bi alkateek; izan ere funtsezko ekonomia jarduerara bideratutako garraioa besterik ez zegoen bi herrien artean. Orain, bi lurraldeak leuntze fasean daudela, beste motatako jarduera ekonomikoak berpiztu dira, eta Lapurdiren kasuan, eskolara ere bueltatu da zenbait haur.
Hori horrela, leku batetik bestera joateko pasabide bakarrarekin trafiko handia sortzen dela adierazi dute. Horri gehitu behar zaio muga itxita egonda, komertzioek ezin dituztela oraindik ateak zabaldu; nahiz eta dendak zabalik egon jendea ezin delako bertaratu.
Hori guztia kontuan hartuta, beren egoerarekin “sentibera” izateko eskatuko diete Denis Itxaso Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariari eta Pirinio Atlantikoko Departamenduaren prefektuari. Dena den, eskaera hori muga gainditzen dutenek berrogeialdia pasatu beharko dutela bi gobernuek jakinarazi eta gero heldu da.
Lan arrazoiengatik bada ez dute berrogeialdirik pasatu beharko, baina gainontzeko kasu guztietan bai. Espainiako Gobernua izan zen neurria hartzen lehena, eta Frantziakoak bere pausoak jarraitu ditu, neurria bi zentzuetan bete beharko dela argudiatuta. Hori horrela izango da maiatzaren 24ra arte gutxienez, Espainiako Estatuak konfinamenduaren amaiera aurreikusita duen data, berriro luzatzen ez badute.