argia.eus
INPRIMATU
Behobia-Donostia lasterketa bertan behera geratu da
  • Fortuna Kirol Elkarteak jakinarazi du koronabirusa dela-eta osasun segurtasuna bermatzerik ez dutela, eta beraz, azaroaren 8an jokatzekoa zen lasterketa ez dela egingo.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 31
Argazkia: Fortuna Kirol Elkartea.

Lasterketa historikoa 1919an abiatu zen eta 1979az geroztik urtero egin dute milaka korrikalarik Behobiatik Donostiarako ibilbidea. 30 urte eta gero 2020an birusagatik kale egingo du lasterketak. Iaz ehungarren urteurrena ospatu zuen lasterketak.

Fortuna Kirol Elkarteak ohartarazi duenez, lasterketa garaiko egoerara egokitzeko plana egina dute, baina pandemiaren bilakaerak aurre egin beharreko aldagai gehiegi dituela aitortu dute. Partaideen, boluntarioen, osasun langileen eta ikusleen osasuna bermatzea haien ahalmenetik kanpo dagoela adierazi dute. Lasterketan milaka atletak hartzen dute parte. 2019ko edizioan 33.440 pertsonak eman zuten izena.

Dagoeneko izena emanda dauden korrikalariei hiru aukera eskaini dizkiete: izen ematea 2021eko edo 2022ko lasterketarako uztea; izen ematearen salneurria bueltatzea (kudeaketa gastuen 6 euro kenduta); eta izen ematearen kopuru osoa edo zati bat Fortuna Kirol Elkarteari dohaintzan ematea.

Idatziak dio mende batean izan duen unerik zailena pairatzen ari dela elkartea, segida zalantzan jartzeraino. Donostiako Fortuna Kirol Elkarteak Behobia-Donostia lasterketa antolatuta lortutako diru-sarrerak baliatzen ditu hainbat kirol diziplina landu ahal izateko.