argia.eus
INPRIMATU
‘Behin betiko’ lelopean egingo du Sarek urtarrilaren 11n Bilboko manifestazio nazionala
  • Konponbide prozesuari eta etxeratze prozesuari behin betiko amaiera emateko aldarrikatuko dute, eta euskal preso behin betiko etxean nahi dituztela. Laguntza ekonomikoa jasotzeko Bizumkada Nazionala ekimena jarri dute martxan.

Leire Ibar 2025eko urtarrilaren 07a
“Bakea, konponbidea eta elkarbizitza” aldarrikatzeko mobilizazio jendetsua izango dela azaldu dute Bilbon. Sare

Urtarrilaren 11ko aldarria, giza eskubideen aldeko aldarria dela adierazi du Sare herritar. Euskal presoen eskubideak berriz aldarrikatzeko eta indarkeriaren biktima guztiei zor zaien errespetua eskatzeko ekimena izango da Sareren mobilizazio nazionala.

Manifestazioa 17:00etan hasiko da La Casillatik, eta ohiko moduan Bilboko Udalaren aurrean amaituko da. Hala eta guztiz ere, egun osoko egitaraua aurkeztu dute astearte honetan Bilbon egindako agerraldian.

12:30ean dultzaineroak, buruhandiak, txistulariak eta trikitilariak abiatuko dira Bilboko hainbat txokotatik. 13:00etan, berriz, Berakatzak kantuz taldea irtengo da Zamudioko ataritik. Antolatzaileek azaldu dute "aldarrikapena eta festa" uztartu nahi dituztela.

Hainbat alderdi eta sindikatuk parte hartuko dute euskal preso politikoen eskubideen defentsako aldarrian. Alderdiak: EH Bildu, EH Bai, Junts, ERC, CUP, Més Per Mallorca. Sindikatuak: ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CGT, CNT, ETXALDE. Elkarteak: Bakebidean, Egiari Zor, Gure esku Dago, Paz con Dignidad, Harrera,
Etxerat, Ernai, ANC, Omnium Cultural, Kataluniako abokatutzaren Koordinadora.

Politikarien, sindikatuen eta elkarteen ordezkaritzarekin batera, kultura, unibertsitate eta kirol arloko pertsona ugari atxiki direla informatu dute, eta pankarta nagusia eramango dutenen berri ere eman dute: Rosa Rodero (ETAren biktima), Ane Muguruza (estatu indarkeriaren biktima), Emilie Martin (Bakebidean), Martxelo Otamendi (kazetaria), Garazi Hach Embarek (eskubideen aldeko eusko-saharar ekintzailea), Arantza Aldezabal (EHUko irakaslea), Amaia Izko (abokatua), Eba Ferreira (Harrera), Patxi Biskert (aktorea), Jose Luis Elkoro (Bergarako alkate ohia), Rafael Larretxea (senidea), Bego Atxa eta Joseba Azkarraga (Sare).

Bizumkada Nazionala

Diru laguntzak jasotzeko ekimen berri bat jarri dute martxan aurten, Bizumkada Nazionala. Dohaintzak egiteko sistema berri honen bidez, norbanako orok Bizum bidez edo txartelaren bidez ekarpen ekonomikoa egiteko aukera du.  Jada aukera dago, eta manifestazio ondorengo egunetan ere aukera irekita egongo dela adierazi dute Sareko kideek.