argia.eus
INPRIMATU
“Behin-behinekotasuna sektore publikoan eskandalu bat da”
  • Europako eta Espainiako Estatuko behin-behinekotasun maila altuena du EAEk sektore publikoan: guztira 60.000 langile behin-behinekotasun egoeran. “Erabat egoera larria” datutan azaldu eta langile horiek egonkortzeko proposamena egin du ELA sindikatuak, apirilaren 22an deituta dagoen grebaren atarian.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 20a
Arreta.com

Sektore publikoan dagoen behin-behinekotasun maila irauli eta langile horien enplegua kontsolidatzea du helburu ostegun honetarako LAB, ELA, CCOO, ESK eta Steilasek EAEn deitu duten grebak. Egoera deskribatu du ELA sindikatuak, azpimarratuz Europan langileen %20a dela langile publiko, Espainiako Estatuan %16 eta Hego Euskal Herrian %12; azpikontratatutako langileak 120.000 direla sektore publikoan, EAEn (gehiengoa emakumeak); eta behin-behinekotasuna %40tik gorakoa dela alor guztietan. “Behin-behinekotasun hau sistematikoa, orokortua eta kasu askotan iruzurrezkoa da”.

Egoera honek lan baldintzetan eragiten duela gogoratu du sindikatuak, baita herritarrek jasotzen duten zerbitzu publikoaren kalitatean ere. Gainera, argi du administrazioaren erabaki politiko baten ondorio dela, helburu jakinekin: “Pribatizaziorako ezinbesteko aurretiazko pausoa da, enplegu publikoa suntsitzeko erraztasuna ematen du eta diziplina tresna ere bada”.

ELAren arabera, “enplegu publikoaren egoerak argi erakusten du gure agintariek ez dutela zerbitzu publikoetan sinesten eta langileentzat XIX. mendeko lan baldintzak bultzatzen dituztela”.

Egoera irauli daiteke

Aldaketa posible dela nabarmendu du sindikatuak, eta horretarako hainbat proposamen egin ditu. Batetik, habilitazio legala eskatu du: “EBEP aldaketaren bitartez gure herrian kontsolidazio prozesu errealak bideratzea, hemen erabakitzeko eta gauzatzeko oztopoak kenduko dizkigun marko arautzaile bat jasotzea”. Kontsolidazio lege propioa aldarrikatu dute, hainbat ezaugarri izango lituzkeena. Eta kontsolidazio prozesuak ez gauzatuz gero, administrazio horri zigorra aplikatzea eskatu du ELAk. Kontsolidazio prozesu horren nondik norakoak lotura honetan irakur ditzakezue.