argia.eus
INPRIMATU
Behin-behineko prekarioak
  • Egunotan bi erabaki garrantzitsu hartu dira, behin behinekotasunak sorturiko prekarietatea, legeen eta praktikaren bidez lantoki publiko zein pribatuetatik egozteko: rider-ak EAEko Ostalaritzaren Esparru Akordioan sartzea eta Europak emandako epaia Espainiako Estatuko administrazioa derrigortuz denbora luzez daramaten ordezkoak langle ez-finko mugagabe bihurtzera.

Juan Mari Arregi 2021eko uztailaren 01
Administrazio publikoan enplegua kontsolidatzearen aldeko elkarretaratzea Gasteizen (argazkia: ELA)

Behin-behinekotasunak eta ordezkapenek lantokietan sortzen duten prekarietatea, lan arloko lege-sistemaren gaitz handia izan da beti, eta izaten jarraitzen du, bai enpresa publikoetan bai pribatuetan. Milaka langilek jasaten du egoera hori bere larrutan. Sektore publikoko hamar enplegutik lau aldi baterakoak dira, batez ere hezkuntzan eta osasunean. Bada garaia legediaren eta, batez ere, praktikaren bidez prekarietate hori behingoz alboratzeko lantokietan.

Egunotan bi erabaki garrantzitsu hartu dira norabide horretan. Bata Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan: sindikatuek eta patronalak erabaki dute plataforma digitalentzat lan egiten duten banatzaileak –raider deiturikoak– EAEko Ostalaritzaren Esparru Akordioan sartzea. Orain, akordio hori lurralde bakoitzeko hitzarmen kolektiboetara eraman behar da. Ederra litzateke Nafarroan gauza bera egin ahal izatea.

Bestea Espainiako Estatuan: Europako epai batek egurra eman dio Espainiako justiziari, eta horren arabera, hiru urte baino gehiagoz ordezkapena egiten ari diren administrazio publikoko langileak mugagabe ez-finko bihurtuko dira. Auziaren muinari heltzen ez dion arren, epaiak sektore publikoko milaka langileri eragingo dio, 150.000 inguru Hego Euskal Herrian.

Orain, erabaki horiek errespetatu eta prozesuak azkartu behar dira, lehenbailehen ezarri daitezen. Erantzukizunaren zati handiena Espainiako Estatuko eta EAEko administrazio publikoen bizkar gainean dago noski, haiek izan behar bailukete eredu beren enpresetan enplegu duin eta egonkorra mantentzeko, prekarietatea eta behin-behinekotasuna elikatu beharrean. Izan eren, gauza bat ezin dugu ahaztu: akordio horiek langileen borroka luze eta gogorrari esker lortu dira.