argia.eus
INPRIMATU
Behin-behineko espetxea ezarri diote Pablo González kazetariari Polonian
  • Euskal Herrian bizi da Pablo Gonzálezen bikotea eta Poloniako agintariek haren etxera bidali dute komunikazio laburra, El Pais egunkariak jakinarazi duenez. Lerro gutxi batzuetan jakinarazten da kazetariari behin-behineko espetxea ezarri diotela datorren maiatzaren 29ra arte.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko martxoaren 23a
Pablo González kazetarian lanean.

Lehenbiziko aldiz, Poloniako agintariak Gonzalezen familiarekin zuzenean jarri dira harremanetan; aurreko guztietan Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioaren bidez eman zaio haren berri familiari.

Otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian eta ez familiak ez Gonzalo Boyé abokatuak oraindik ezin izan dute berarekin hitz egin. Rzeszóko hiriko kontsulatua egon zen harekin martxoaren 7an eta umoretsu eta ondo ikusi zuela adierazi zuen, beti ere bere errugabetasuna aldarrikatuz.

Martxoaren 3ko data duen idazkian aipatzen denez, Rzeszóko Eskualdeko Auzitegiak eman du behin-behineko atxilotze agindua eta hiri horretako espetxean dago. González Aleksey Rubtsov eta Pavel Rubtsov goitizenekin lotzen dute idazkian, eta espioitza jarduerak leporatzen dizkiote. Familiaren esanetan, izen horiek lotuta daude kazetariaren gurasoen izen abizenekin.