Baldintzarik eta bermerik ordaindu gabe, epaileak aske utzi du Amurrioko ezker abertzaleko familia baten baserriari tiro egin izanagatik Ertzaintzak atxilotu zuen polizia ohia. Armak legez kanpo edukitzea egotzi dio epaileak.
Ostegunean atxilotu zuen Ertzaintzak 74 urteko gizonezkoa, erretiroa hartutako polizia. Ezker abertzaleko familia baten baserriari tiro egitea leporatu zioten, baina ostiralean aske utzi dute, inolako baldintza eta bermerik ordaindu gabe. Dena den, Ertzaintzak 30 arma inguru eta beste zenbait munizio aurkitu ditu bere etxean. Armak edukitzea leporatu diote, eta aske geratu da. Hainbat hedabidek jakitera eman dutenez, arma horiek “zaharkituta” zeuden eta hortaz, ez ziren “arriskutsuak”.
Urtarrilaren 6an goizeko hamaikak aldera, Amurrioko ezker abertzaleko familia baten baserriari tiro egin zioten. Balak sukaldeko leihoa zeharkatu, kristala hautsi eta horma jo zuen; ez zuen inor zauritu. Ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak. Lehen unetik susmagarri nagusia herriko 74 urteko polizia ohia zen, baina Ertzaintzak ostegunera arte ez zuen arma aurkitu. Orduan atxilotu zuten, eta ostiralean pasa da epailearen aurretik: behin-behinean aske geratu da.