argia.eus
INPRIMATU
Beherapenak, ‘Avatar 2’ eta feminismoa

Endika Biota PiƱeiro @BiotaEndika 2023ko martxoaren 24a

Arropa erosten jarraitzen badugu ere, badakigu ehungintza enpresa handiak dialektikaz baliatzen direla jendearen erosteko beharra pizteko. Azpijoko ugari erabiltzen dituzte, beherapenetan bereziki. Ohikoa da hogei pertxako esekitoki batean alkandora bakar bat erdi prezioan egotea eta dendako atarian “Alkandorak %50eko deskontuan!” jartzea letra larrietan. Ez dabiltza gezurrak esaten, baina alkandora bakar horrek kostata emango dio komertzio osoaren idiosinkrasia aldatzeko zilegitasuna.

Horretan guztian pentsatzen hasi nintzen Avatar 2 pelikula ikusi eta gero. Merkataritza-gune handi batean ikusi bainuen filma (3D formatu hipertrofikoan) eta parkingera bidean erakusleiho askotan ikusi ahal izan nituen arropa-dendetan beherapenak.

Zinemara joan baino lehen Avatar 2 pelikula feminista zela irakurri nuen aldizkari batean. James Cameronen hitzetan “emakume haurdun bat gerrara joaten ikusi daitekeelako”, eta arrazoia zeukan puntu horretan, egia da emakumezko Na’vi batek borroka egiten duela haurdun dagoen bitartean, baina, eszena hori kenduta, Pandorako emakumezkoek bestelako portaerak erakusten dituzte, gure planetan aspaldi enkistatuta daudenak: emakumeen arteko borroka, emozioen adierazpena eta genero rol konkretu batzuen inposaketa jasatea, besteak beste.

Pelikulan, basoko Na’vi familia batek bere herritik alde egin behar du, militar batzuek aita akabatu nahi dutelako. Laguntza eske doaz Pandoran zehar eta arrezifean bizi diren beste Na’vitar batzuengana jotzen dute. Arrezifeko Na’vitarren erregina, haurdun dagoen eta gerora gerrara doan emakume hura, berehala laguntza eske doazen basoko Na’vien kontra jartzen da eta ez ditu bere etxean onartu nahi. Erregeak erregutu egiten dio, baina berak ezetz. Jarrera horrek basoko Na´vi erregina sutan jartzen du eta bi emakumezko horien artean gorroto begirada jolas bat egoten da haien senarrak bakea jartzen saiatzen diren bitartean.

Avatar 2, neurri handi batean, biolentzia-sinbolikoaren hedapenaren adibide garbia da, holako mezuak milioika pertsonak jasoko baitituzte

Gizonezkoek, aldera, neurriz jokatzen dute eta helburuak argi dituzte. Oztopoen gainetik norabidea dakitenak pertsonaia maskulinoak dira, azken batean, filmaren trama guztia mugitzen dute. Protagonistak, basoko Na’vien erregeak, bere familiaren arazoak amaitzeko plana dauka buruan, eta ezbeharrak suertatu ahala bere emazteak behin eta berriro galdetzen dio hurrengo pausoa zein den.

Filmaren bigarren partean basoko Na’vitar bikote protagonistaren seme-alaben nondik-norakoak ere aurkezten zaizkigu. Nerabezaroan daude eta haien nortasuna eraikitzen saiatzen ematen dute pelikula osoa. Gidoiak basoko mutiko Na’vi gaztean jartzen du fokoa, nola bere aitaren eta bere herriaren gutxiespena sufritzen duen eta horri guztiari nola aurre egiten dion. Prozesu horretan, arrezifeko Na’vi gazteekin borrokatzen da, armak erabiltzen ditu eta arrisku-portaerak ditu; esaterako, arrezifetik landa beste mutikoekin ehizara joatea. Bere arreba, bitartean, bigarren plano batean geratzen da, espiritualtasuna garatzen, naturarekin kontaktua bilatzen, isilik eta bakarrik.

Horrelako genero-estereotipoez zipriztinduta dago Avatar 2 pelikula, baina badago bat trama osoa egituratzen duena. Bada esaldi bat, protagonistak dioena bai hasieran bai amaieran, filmaren gertakari guztien abiarazlea dena: “Aita batek bere familia babesten du, horrek ematen dio zentzua”.

Avatar 2, neurri handi batean, biolentzia-sinbolikoaren hedapenaren adibide garbia da, holako mezuak milioika pertsonak jasoko baitituzte. Biolentzia sinbolikoa, nolabait esateko, sistema dominante batek sortzen duen errealitatea da, non baliabide anitzak erabiliz (ekoizpen kulturala, adibidez) gizartearen sektore bakoitzari balio, betebehar, eskubide eta izateko forma konkretu batzuk ezartzen dizkion, zapalduta jarraitu dezaten baina haiek nabaritu gabe. Hau da, pelikula guztietan, liburu guztietan, serie guztietan emakumezkoek portaera konkretu batzuk erakustea, “normalitate” bat sortuta.

Ideia horiei guztiei bueltak ematen beherapenetan zeuden dendak atzean utzi eta kotxera abiatu nintzen. Atea ixtean 3Dn disfrutatutako paisaia, soinu eta kolore lisergikoen efektua pasatu zitzaidan eta, bat-batean, Gatopardo eleberriarekin gogoratu nintzen eta irakurritako esaldi bat iltzatu zitzaidan: Se vogliamo che tutto rimanga come è, bisogna che tutto cambi, “dena aldatu behar da gauzak diren moduan mantendu nahi baditugu”.

Ezin izan dut, geroztik, esaldia burutik atera.

Endika Biota Piñeiro