Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko taldeak egindakoak ei dira.
Talde erasotzaileen jarduna iluna da, bistan denez, eta “informazio zehatza biltzea zaila bada ere, jakina da dozenatik gora eraso gauzatu dituela aipatu taldetxoak”. Irungo Bor-bor hausnarketa kolektiborako taldearen hitzak dira. Asteazken honetan zabaldu duen idazkian Behe Bidasoako eskualdean ustez Devenir Europeo talde neonaziak egindako erasoak aipatzen ditu: pintaketa naziak, pegatina itsasketa masiboak hainbat auzotan, eta mina eragin asmo zuten kristaldun kartelen itsasteak, besteak beste.
Gabonetan, aldiz, taldeak jauzi bat eman zuen eta lehergailu txikiekin eraso egin zien Lakaxita gaztetxeari eta Mosku plazan Mugimendu Sozialistak okupatua duen espazioari. Bor-borrek dioenez, “norbanakoak ere mehatxatu dituzte, haien etxebizitzetan pintaketak eginez” eta susmoa dute haiek egin dutela San Miguel auzoan frutategi baten aurka izandako eraso arrazista ere.
Erasoak ez dira Irunera mugatzen. Joan den abenduaren 20an jakin zen talde faxistaren batek eraso egin ziola Agiñako memorialari. Esklabo lanetan Lesaka eta Oiartzun lotzen dituen errepidea egiten aritu ziren “langile batailoietako” gatibuak oroitzen ditu oroigarriak.
Urtarrilaren hasieran, halaber, El Salto-k Gabonetan Arrigorriagan, Biarritzen eta Baionan egindako beste hainbat eraso faxistaren berri eman zuen.
Zer da Devenir Europeo?
Ramon Bau eskuin-muturreko idazle ezagunak gidatutako “kultur elkartea” da Devenir Europeo (DE) eta bere webgunean irakur daitekeenez, bere burua nazional-sozialistatzat du. Europa dekadentzia gorrian dagoela uste dute taldean, besteak beste immigrazioaren ondorioz, eta egoerari itzulia emateko nazismoaren itzulera aldarrikatzen dute ahobizarrik gabe. Lehenago, Bau CECADE talde falangistaren kide izan zen; taldea 1966an sortu zen Bartzelonan eta 1996an desagertu.
Bor-bor kolektibotik diotenez, “DE diskurtsoa egokitu, nazioarteko aliantza naziak josi eta tokian toki zelula berriak sortzen ari da. Txingudin jazotzen ari dena aintzat hartuz, arduraz aitortu behar dugu aurrerapausoak eman dituztela, eta itxuraz, hainbat gazte limurtzea ere lortzen ari direla”. Euskal Herriko sekzioa ere badu eta bertan zehazten denez, 30en bat ekitaldi egin izan zituen 2017ra arte. Gehienak hitzaldi pribatuak dira eta haietara joateko elkarteko zuzendaritzaren baimena behar da. Telegram sare sozialean ere badute euren kanala.
Atzerriko harremanak
Iragan abenduan Isabel Peralta DEko liderretakoa Suedian izan zen hango gisa bereko eskuin muturreko Erresistentzia Nordikoa taldearen biltzar batean. Peralta hainbatetan nabarmendu da ekitaldi publikoetan eta, bereziki, Ferraz kalean PSOEren aurka Espainiako eskuinak Proces-eko indultuen karietara egindako mobilizazioetan. Madrilen jaioa da eta guraso nafarrak ditu.
Público egunkariak biltzarraren berri eman zuen eta Peraltak biltzar hartan esandakoak bildu zituen: “Definitzen nauten hitzak leialtasuna eta fanatismoa dira. Dagoen kausarik nobleenaren soldadu bat besterik ez naiz: nire arrazaren biziraupena eta haren existentziarako borroka da kausa hori. (...) Askok uste du nazional-sozialismoa hilda dagoela, Berlingo hondakinen azpian geratu zela. Baina hori ez zen amaiera izan, munduak inoiz ikusiko duen sorkuntza handienaren hasiera baizik”.
Zer egin horien aurrean?
Bor-bor kolektiboak aitortzen du galdera gehiago dituela erantzunak baino: “Nahikoa ulertzen al ditugu borrokatu ahal izateko? Zeintzuk dira? Zergatik lortu dute gure artean ideologia nazia duen zelula iraunkorra osatzea? Nolatan dira horren aktibo eta oldarkorrak? Zer eta zein dute jo-mugan zehazki? Nola egin aurre haien diskurtso pozoigarri eta praktika biolentoari?”.
Erantzun argirik ez dute, baina erantzuna bilatzeko metodoa bai, “horregatik, datozen asteetan gaiari heldu eta Txingudin antifaxismoa elikatzeko formazio plazak irekitzeko konpromisoa hartu dugu”. Kolektiboak plazaratutako ohar osoaren berri irakur daiteke Angula Berria tokiko hedabidean. Eta otsailean eta martxoan eskuin muturrarekin lotutako hitzaldiak beheko argazkiak ikus daitezke.