Gipuzkoako langabezia tasarik handiena duen eskualdea da (Irun eta Hondarribia hartzen dituen) Behe Bidasoa: %17,88koa izan da apirilean, 6.547 langabe guztira. Bereizita, hondarribiarren %13,1 dago langabezian eta irundarren %19,3 (Gipuzkoan, Soraluzek bakarrik du Irunek baino langabezia tasa handiagoa: %20,6).
Ingurumaria horretan, bizilagun ugarik egin du bat gaurko greba deialdiarekin. Mugimendu gutxi ikusi dugu industrialde nagusietan, jarraipen esanguratsua izan baitu lanuzteak Bidasoako enpresetan. Industrian, enpresa-batzordedun lantegi handi guztietan greba egin dela azaldu dute sindikatuek. Denda eta saltokietan, eskasagoa izan da jarraipena, baina establezimendu dezente ikusi ditugu itxita Irunen. Horrez gain, jende ugari bildu du goizeko manifestazioak, “Herritarrok gure etorkizuna eraikitzen” lemapean: 10etan abiatu da eta lau geldiune estrategiko izan ditu: Mendibil merkataritza-gunean, saltoki handien eta kapitalismoaren ankerkeria salatu dute sindikatuek; udaletxe aurrean, egoerari aurre egiteko Irungo Udalak neurririk hartu ez izana kritikatu dute, eta kartela jarri dute udaletxeko arkupeetan: “Gaitasun ezagatik ITXITA”; Kutxabanken aurrean izan da hurrengo geldialdia, “banketxeak lapurrak!” oihu artean, eta Euskal Herrian etxegabetze gehien eragin dituen erakundea Kutxabank dela gogoratu dute bozgorailutik. Azkenik, Zabaltza plazan amaitu da manifestazioa, eta balorazio baikorra egin dute sindikatu deitzaileek. Laburrean, kaleratzeetan, murrizketetan eta eskubideen galeran oinarrituko ez den bestelako eredu ekonomiko propioa aldarrikatu dute bidasoarrek, eta manifestari kopuru handia espero da arratsaldeko deialdietan (16:00etan Hondarribian eta 19:00etan Irungo Zabaltza plazan).
Izan ere, egoera ez da batere samurra eskualdean. Espainia eta Frantzia estatuen arteko muga kentzea kolpe ekonomikoa izan zen horretaz bizi zen familia irundar askorentzat. Baina horri aurre egiteko, eraikuntzaren sektorea bultzatzea erabaki zen, pisu ekonomiko nabarmena izan du sektore horrek Bidasoan, eta eraikuntzaren burbuila eta espekulazioa lehertu direnean, ondorio kaltegarriak utzi ditu eskualdean. “Eraikuntza-enpresa garrantzitsuek ateak itxi dituztenean (Construcciones Dumboa, Eguzkialde…) jende asko kalean geratu da (urtetan dirua metatu ostean eskrupulurik gabe bota dituzte asko, sarri indemnizaziorik gabe), eta zerbitzu sektorea indartu nahi izan da soluzio gisa, baina lanpostu gutxi, aldi baterakoak eta prekarioak sortu ditu arlo horrek”, azaldu digu Zorion Ortigosa Bidasoa-Oarsoaldeko LABeko arduradunak.
Ortigosaren iritziz, “ke asko saldu da Irunen, marketina izan da nagusi, oinarrira joan beharrean. Adibidez, industri-poligono berria sortu zuten, ekonomia indarberritzeko izango zela iragarriz, eta hutsa dago, ez delako benetako apusturik egin. Udalek eskumen mugatuak dituzten arren, oro har administraziotik ez da zalantzan jartzen egungo eredua, egoera bere onera noiz itzuliko den itxarotea da jarrera nagusia, baina ikusten dugu krisiaren aurreko egoerara ez garela bueltatuko”.
Goizeko manifestazioa kale nagusitik igarotzen:
German Setien Irungo LAB sindikatuko kideak balorazio “oso positiboa” egin du: