Donostiako Ertzain-etxeko burutzak onartu du herritarren hizkuntza eskubideak ez zituztela errespetatu maiatzean Donostiako Bizitza Da Handiena astean izandako identifikazio batean. Barkamena eskatu du ertzainen izenean eta agenteei jardunbide egokia zein den azaldu zaiela adierazi. Pertsona batek euskaraz hitz egiteko eskatu zien eta bera identifikatzeko eskatu zion ertzain batek. ARGIAk bideoan zabaldu zuen gertaera.
Maiatzean, 61 herri mugimendu eta sindikatuk elkarrekin deitu zuten borroka sozialen Bizitza Da Handiena astean gertatu zen. Ernaik turistifikazioaren aurkako prentsaurrekoa egin zuen laster irekiko duten hotel baten atarian. Amaitutakoan, hainbat ertzain joan ziren agerraldiko norbait identifikatzera. Berehala sortu zen hika-mika eta egoera grabatzen ari ziren herritar eta kazetariak identifikatzen hasi ziren ertzainak.
Egoera baretzear zela, euskaraz mintzo zitzaion eta euskaraz hitz egiteko eskatu zion herritar bati identifikatzeko eskatu zion ertzain batek gaztelaniaz. Haserrea eta are eta iskanbila handiagoa eragin zuen horrek. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salaketa formala jarri zuen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak formalki erantzun dio Hizkuntz Eskubideen Behatokiari. Ondokoa dio hitzez hitz:
“Donostiako Ertzain-etxeko burutzak berariaz zehaztu du ez zela errespetatu aipatu bideoan agertzen diren herritarren eskubideak, agente jarduleekin harremanak euskaraz izatekoa, nahiz eta gertatutakoa tentsiodun polizia-jarduera batean gertatu zen eta azkenean agenteetako bat euskaraz mintzatu zitzaion”.
Ondoren, Ertzain-etxeko burutzak adierazi du agenteek barkamena eskatu dutela: “Jardueran esku hartu zuten ertzainei eta unitateko aginte-koadroari jardunbide egokia zein den jakinarazi zaie, eta berariaz eskatu digute beraien partez barkamena helarazteko”.
Behatokiak aitortu du beharrezko norabidean urratsa dela, baina herritarrak, aitortzatik harago bere eskubideen bermea merezi duela. Azkenik, Behatokiak zorionak eman dizkie ahaldundutako euskaldunei eta bide horretan jarraitzera gonbidatu ditu.
ARGIAk gertaera bideoan grabatu eta hedatu zuen.
Hainbat ertzain etorri dira agerraldiko norbait identifikatzera. Orduan, kamera eskuan grabatzen ari ginen guztiok obsesiboki identifikatu gaituzte. LARRIA: Jendea identifikatzen hasita, euskaraz hitz egiteagatik identifikatu du Ertzaintzak pertsona bat. #BizitzaDaHandiena pic.twitter.com/ZFfFtVd1hJ
— Lander Arbelaitz (@larbelaitz) 2018(e)ko maiatzaren 21(a)