argia.eus
INPRIMATU
Behatokiak Mendigorriko D ereduaren auzia konpontzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari
  • Behatokiak gurasoen eskaerarekin bat egin du eta auzia konpontzeko eskaera aurkeztu du Euskarabidean. Mendigorriko hainbat gurasok urteak daramatza euskarazko irakaskuntza lerroa abiatzeko eskatzen. Ez dute baiezkorik jaso.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 15
Milaka lagun bildu ziren otsailaren 29an, Iruñeko kaleetan, euskaraz ikasteko eskubidea defendatzeko. Argazkia: Jaizki Fontaneda / Foku.

Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoko guraso talde batek 2015ean ekin zion euren seme-alabek euskaraz ikasteko zuten eskubidea aldarrikatzen. Behatokiak oharrean dio gurasoek eskaerak egin arren ez dutela lortu D eredua abiatzea eta Nafarroako Gobernuak ez duela zehazten etorkizunean eredu hori martxan jarriko duen.

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak herrian bertan euskaraz ikastearen garrantzia azpimarratu du: “Nafarroa guztian bezala, Mendigorria bezalako herri txikietan berebizikoa da etorkizunerako haurrak herrian bertan euskaraz ikasteko aukera izan ahal izatea, are gehiago herrian bertan, Mendigorrian bezala, instalazio egokiak dituen zentroa izanik”. Mendigorriko guraso talde baten eskaeraz soilik ez direla ari adierazi du Gaubekak eta Nafarroa osoko egoera ekarri du gogora: “Ez gara ari soilik guraso batzuen eskaeraz, Nafarroako hainbat herritako haurren eskubideez eta herri hauetako eredu kultural eta soziolinguistikoaz ere ari gara eta horiek babesteko egungo Nafarroako marko juridikoak ez duela beharrezko babesa ematen argi gelditzen da”.

Behatokiak dio haurren hezkuntza eskubideak urratzeaz gain, familientzako eragozpen handiak sortzen dituela egoerak, haurrak euskaraz ikas dezaten herritik kanpora ateratzen dituztelako. Familiaz gain, herriak ere ondorioak jasango dituela uste du Gaubekak, bai behintzat soziolinguistikan eta eredu kulturalean.