argia.eus
INPRIMATU
Behatokiak euskal hiztunentzat gune babestuak eskatu ditu
ARGIA @argia 2018ko ekainaren 05a
"Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2017an" txostena aurkezten. Argazkia: Behatokia.

Urtero egiten du Behatokiak txostena. Administrazioan eta eremu pribatuan euskal hiztunen hizkuntza eskubideen urraketak jasotzen ditu. Kexak Euskararen Telefonoaren eta Akuilu aplikazioaren bidez jasotzen ditu. Urraketez gain, zorionak ere jasotzen ditu.

Hizkuntza eskubideak babesteko tarteko proposamena egin du Behatokiak. Euskal hiztunentzat gune babestuak, eremu seguruak, sortzea beharrezkotzat jo du. Horren adibide jarri du Donostiako Ospitaleko errehabilitazio unitatean sortutako euskarazko zirkuitua.

2017ko txostenak herritarren hamarnaka urraketa jaso ditu, bai administrazioan baita eremu pribatuan gertatutakoak. Hona urraketa salatu duen herritar baten kontakizuna: “Bizkaiko Probintzia Auzitegian epaiketa azkar batean lekuko gisa deklaratzera deituta nengoen gaur … Nire txanda iritsi denean euskaraz deklaratu nahi dudala jakinarazi dut, eta epaileak aretotik ateratzeko agindu dit itzultzailea etorri bitartean. 15 minutura iritsi da itzultzailea, baina ordurako epaileak beste epaiketa bati ekin dio. Hori aski ez, eta bigarren epaiketa bat ere sartu du tartean, itzultzailea bertan zen arren. Bi ordu egon behar izan dut zain deklaratzera sartu aurretik. Nire txanda iritsi denean protesta azaldu dut atzerapenagatik, eta kontuak alde batera utzi eta bere galderei erantzuteko agindu dit zakar. Oso jarrera despota eta erasokorra izan du nirekin. Nik euskaraz deklaratu nahi izatea ez zaiola gustatu iruditu zait. Euskaraz egiterik nahi ez bazuen, esan besterik ez zuen. Ez da bidezkoa euskaraz hitz egin nahi izateagatik horrelako tratu zakarra jasotzea”.