Mila osasun-langile inguruk sinatu dute “konfinamendu osoa” eskatzen duen agiria. Neurria “berandu baino lehen” hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari, pertsonen bizitzak ekonomia baino garrantzitsuagoak direla adieraziz.
Osakidetzatik bertatik heldu da guztia ixteko deia, birusaren hedapena geldiarazteko neurri zorrotzagoak ezarri behar direla argudiatuz. Osasun langileek jakin badakite garai zailak direla erabakiak hartzeko, eta konfinamendu osoak eragin negatiboak izan ditzakela ekonomiarengan, baina pertsonak eta beren bizitzak lehenesteko eskatu dio Jaurlaritzari.
Geroz eta gehiago dira beharrezkoak ez diren jardun guztiak etetea eskatzen duten ahotsak. Atzo, martxoaren 25ean EH Bildu abstenitu egin zen Espainiako Kongresuan alarma egoera luzatzeko egindako bozkaketan. Alderdi subiranistak, aurretik azaldu bezala, konfinamendu osoa exijitu zion Espainiako Gobernuari, eta hori bete ezean kongresuan abstenitu egingo zela adierazi zuen. Esan eta egin.
Kataluniako ERC eta JxCat izan ziren EH Bilduko abstentzioari batu zitzaizkion alderdi bakarrak, gainontzeko guztiek baiezko botoa eman zuten. Ezezko botorik gabe onartu zuten alarma egoera luzatzea.