Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.
Zein balorazio egin duzue?
Larunbataren balorazio oso positiboa egin dugu. Oraindik ez gara eseri balorazioa lasai egitera, baina inpresioa da helburuak bete ditugula. Jendea oso pozik atera zen. 500 lagun inguru bildu ginen Laudion (Araba). Aurtengo topaketen helburua zen aurreko topaketetatik zerbait desberdina egitea, ariketa espekulatibo bat egitea, jendea atera zedin ilusioarekin, ideia berriekin. Pentsatzeko beste era edo ariketa baten bitartez ilusioa berriz piztu nahi genuen.
Irakurketa baitzen, azkenaldian noraez, izu eta beldur sentsazioak ditugula, daukagun panoramaren aurrean zaila dela ilusioz jardutea. Horretarako aprobetxatu genuen eguna.
Goizeko mahai-inguruarekin oso pozik gelditu gara. [Mirene Begiristain, Txefi Roco, Jule Goikoetxea eta Amaia Perez Orozco]. Bakoitzak bere bizipen eta jakintzatik hitz egin zuen eta gako asko atera ziren. Jendea horiekin gelditu zen.
Arratsaldeko ariketa, jende askorentzat, oso desberdina izan zen. Ariketa espekulatiboa zen: imajinatu dezagun Euskal Herria 2054. urtean. Bakoitzari egokitu zitzaion dimentsio baten gainean hausnartzea, gai zehatz baten inguruan aritzea. Askotan, etorkizunaz pentsatzen dugunean, gauza orokorragoetan gelditzen gara: etorkizunean izango ahal dugu bizitza komunitarioagoa, izango ahal ditugu erakunde guztiak publikoak... Baina ariketa ez zen horrela izan. Galderak hauek ziren: Egunerokoan zer izango da? Jendartea nola antolatuko da? Gu nola antolatuko gara? Ideia orokorrak lurreratzeko ariketa izan zen. Oso gauza dibertigarriak ere atera ziren.
Ilusioa piztea aipatu duzu? Mugimendua apalduta dago?
Zaila da mugimenduaz orokorrean hitz egitea. Jendartean sentsazio horiek badaude [noraeza, izua, beldurra...]. Mugimendu feminista ere testuinguru horretan bizi da eta sentsazio horiek mugimendura iristen dira. Duela bi urte, Oñatiko topaketetan esan genuen pandemiak oso ahulduta utzi zuela mugimendu feminista, eta baita herri mugimendu asko ere. Dena den, egia da, ordea, bi urtetan goranzko joera izan duela. Oraindik seguruenik falta da mugimendua bere garai indartsuenetan egoteko, baina pixkanaka gorantz goaz. Duela urtebete greba feminista orokorra egin genuen, eta halako greba bat ez duzu aurrera ateratzen ez badago mugimendu indartsurik.
Ariketa espekulatiboarena gehiago azaldu dezakezu?
Ariketan kontuan hartu zen utopia urrun egon arren ere [2054. urtera begirako ariketa egin zuten], trantsizio feminista bat behar dugula, eta bide hori ere diseinatu behar dugula pixkanaka helburura iritsi ahal izateko. Esan genuen: 2054an ez dugu lortuko larunbatean proposatu ziren ardatz eta deituko diegu “harrikada” horiek guztiak gauzatzea, baina duela hogei urte ere gauza batzuk pentsatzen genituen gaur egungo egoera aldatzeko, eta batzuk lortu ditugu, eta beste batzuk ez. Hogei urte atzera begiratuta, ziur gauza dezentetan aldaketak egin ditugula mugimendu feministari esker. Larunbatean proposatutakoetatik zenbat eta gehiago atera aurrera, orduan eta hobeto. Beharrezkoa da utopia maximoetan pentsatzea, horra iristeko bideak marraztu ahal izateko.
Ariketak balio izan digu jendeari pentsarazteko, eta pentsatzen ari bazara badatozkizu ilusioa eta gogoa. Edo behintzat ezinegona.