Duela gutxi, asteburu berean, Ertzaintzak bi salaketa jaso ditu: lehenengoa, emakume kolonbiar batena; lekukoen arabera, ertzainak kolpeka jarraitu zuen lurrera bota ondoren eta konorterik gabe zegoela; ospitalean garuneko edema eta paralisi partziala diagnostikatu zizkioten. Orain, Ertzaintzak barne-ikerketa bat abiarazi du gertatutakoari buruz, eta hori beste batzuetan ere egin du, hala nola ertzain batek gizon bati Irunen egindako erasoan edo Eneko Valdési eragindako heriotzan, agerraldi psikotiko bat izan eta "Bizkor" taldeko Ertzaintzako kideek murriztu ostean.
Esan beharrik ez dago Ertzaintzaren barne-ikerketa berri honek, beste batzuetan bezala, ez duela justizia egiteko balioko.
Ertzaintzaren barne-ikerketek asko balio ez badute, nik uste dut epaitegian ere ez direla gauzak ondo egiten, eta horren froga dira, besteak beste, X. Nafarrete, I. Cabacas edo R. Zarra kasuak.
Gizartea antolatzeko eredua aldatu gabe, posible al da pertsonak duintasunez tratatuko dituen Poliziarik? Nik, zalantza asko baditut ere, baietz uste dut
Bigarren kasua Gasteizen gertatu da. Antza denez, futbol txapelketa bat antolatu zen sare sozialen bidez. Torneoaren une jakin batean dozenaka ertzain agertu ziren, eta lekukoen arabera, modu txarrean identifikatu zituzten bertan bildutako batzuk, giro txarra sortuz. Gero, Polizia dispositiboa ustezko gaizkile arriskutsuekin justifikatzen badute ere, onartezinak dira jendeari egindako tratu txarrak niretzat.
Bestalde, Ertzaintzak Gasteizen berriro kargatu du justiziaren eskaeraren aurka, martxoaren 3an jazo ziren gertakariei buruz, beraz, jarduera berri horrek, niretzat behintzat, idatzian esan dudan guztia berresten du.
Orduan, puntu honetara iritsita, pare bat gogoeta ditut; lehenengoa, gizartea antolatzeko eredua aldatu gabe, posible al da pertsonak duintasunez tratatuko dituen Poliziarik? Nik, zalantza asko baditut ere, baietz uste dut, baina, era berean, uste dut, besteak beste, epe luzera Polizia jarduera egokia bermatzen duen gauza bakarra gizarte-ereduaren aldaketa dela, besteak beste, justizia demokratizatuko duen antolaketa-egitura desberdina ahalbidetuko duena.
Patxi Aznar Bellido