argia.eus
INPRIMATU
Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute
  • Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak estigmatizatzen ari da legea, hainbat eragilek kritikatu duenez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko abenduaren 18a
Lege berria kritika artean onartu zen, joan den martxoan.

Ikuskariek hainbat funtzio dituztela nabarmendu du Lanbidek: hala nola barne-kontrola egitea, prestazioak jasotzen dituzten laguntzek beren betebeharrak behar bezala betetzen dituztela zaintzea eta betebehar horiek betetzen laguntzea, edota irregulartasunak antzematea. Legegintzaldi honetan, Ertzaintzarekin eta Fiskaltzarekin lankidetzarako bide iraunkorrak ezarri direla azpimarratu du Lanbidek.

Prestazioen eta Gizarteratzearen zuzendari Sara Buesaren hitzetan, "gure babes- eta inklusio-ereduan sinesten dugunok badakigu prestigio handia duela, ez bakarrik lortu behar duenak laguntza eskuratzeak, baizik eta zorroztasunez kudeatzeak. Unitate hau eta Plan hau sortu dira pertsonei laguntzeko beraien betebeharrak ulertzen eta betetzen, gestioa pertsonekiko bermatzailea izan dadin; eta baliabide publikoak zorrotz kudeatu daitezen".

"Prestazio ekonomiko hori jasotzen dutenen artean iruzurra %0,7koa baino ez den arren, gizarteratzen den mezua da ‘kontrolak egiten badizkiete zerbaitengatik izango da’"

"Pobrezia kriminalizatzen ari dira"

Lege berria kritika artean onartu zen, joan den martxoan. Zehazki kontrola handitzea dakarren unitate honen inguruan, gogor mintzatu zen ARGIAn Iñaki Uribarri Argilan-ESK-ko kidea: "DSBE jasotzen duen jendea, bere eskubidea izan arren, modu perbertsoan tratatzen da, eta prestazio ekonomiko hori jasotzen dutenen artean iruzurra %0,7koa baino ez den arren, gizarteratzen den mezua da ‘kontrolak egiten badizkiete zerbaitengatik izango da’. Iruzur fiskala %20koa da, eta ikuskapen fiskal askoz gutxiago egiten da, ongi justifikatzen da gainera ikuskapen kasu bakoitza. Pobrea izatea delitu dela dirudi".

Uribarriren esanetan, "lege berriak baldintza batzuetan hobekuntzak dakartza, baina iruzurraren kontrolari dagokionean, 2018ko legea baino okerragoa da, oso gogorra, datorkiguna sarraski hutsa da. ‘Dirua migratzaileei ematen diezue’ moduko mezu eskuindarrei erantzuteko EAJk duen modua da kontrola handitzea, baina azken finean eskuinari men egitea da, eskubideen eta justizia sozialaren kalterako. Pobreek ez dute bozkatzen eta jomuga erraza dira, gainera ez ditu inork defendatzen, ez dago kontzientzia sozialik".

Ildo berean, instituzioetatik egiten den pobreen kriminalizazioa eta estigmatizazioa salatu zuten Berri Otxoak plataformak, LAB sindikatuak eta beste hainbat eragilek, lege berria onartu zenean.