argia.eus
INPRIMATU
Begoña Urroz DRILek hil zuela adierazi du Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroak, kasuaren bueltako gezurrekin amaituz
  • Urteetan, Espainiako Estatuko hainbat erakunde eta hedabidek ETAri egotzi izan diote Urroz haurraren hilketa, nahiz eta hainbat zantzu zeuden hori ez zela hala iradokitzera zatozenak.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 25
Espainiako Poliziaren txostena (Irudia: Berria)

Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroak Begoña Urroz haurraren hilketari buruz esandakoak urteetako polemikari amaierako puntua jarri diola dirudi. Urte luzez Espainiako erakunde eta hedabide hainbatek ETAri egotzi diote Urroz haurraren heriotza, erakunde armatuaren lehen biktimatzat joaz. Alabaina, Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentrotik jasotako azken informazioek adierazi dute DRILek hil zuela Urroz, eta ondorioz orain arte leherketa ETAri leporatu dion hedabideetako bat den El Pais egunkariak kasua ebatzitzat jo zuen asteazkenean: Polemikaren amaiera: DRILek hil zuen Begoña Urroz haurra, zioen titularrak.

Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroko ikerlari eta arduradun Gaizka Fernández Soldevillak eskuratutako Espainiako Poliziaren txosten baten ondotik aitortu zaio DRILi Urrozen hilketa. Fernándezek Urrozen heriotza eragin zuen leherketa gertatu eta astebetera Espainiako Poliziak osatutako txostena eskuratu du, zeinak argi jotzen duen DRIL 1960ko ekainaren 27an Donostiako Amara geltokian jazotako atentatuaren egile gisa.

Alabaina, aurreragotik ere baziren hainbat froga eta informazio Urroz DRILek hil zuela adieraztera zetozenak. 2011ko otsailaren 20an Ainhoa Oiartzabal kazetariak kasuaren bueltan landutako erreportaje zabala argitaratu zuen Berriak, eta bertan jasotzen ziren testigantza eta frogek aditzera ematen zuten ETAk ez zuela zerikusirik izan atentatuan, eta egilea DRIL zela. Kazetari berak Espainiako Poliziaren txosten baten berri eman zuen 2013an, zeinetan DRILi egozten zitzaion atentatuaren egiletza.