argia.eus
INPRIMATU
Begira gaudelarik pasatzen den hori

IƱigo Satrustegi @InigoSa 2023ko uztailaren 07a
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Otempodiz
Ertza dantza konpainia
Uztailaren 2an Irisarrin (Nafarroa Beherea), EHZ festibalean.

-----------------------------------------------------------------

EHZn inoiz egon denak badaki zer den igandea. Egitarauak zer ekarriko, hor egoten gara gu. Aurten, euriak furgonetaren estalpean egotera gonbidatu gaitu, baina atertu orduko berriz itzuli gara festaren muinera. Txaranga batek alaitzen ditu azken gaupaseroak. Kafea eskuan, frontoiaren erdian den bikoteari so jarri naiz ni. Bi gizon. Beltzak biak ala biak. Bakoitzak bere modura, baina estilo bera daramate gainean, orrazkera bera ere bai. Aurpegi serioa dute, eta lepotik beherako gorputz atalak baino ez dituzte mugitzen. Elkarri begiratzen diote. Urruntzen dira, eta atzera gerturatzen. Elkarri heltzen. Begirada ezerezera. Zeri begira daude? Zer da kontatu nahi digutena?

Ertza konpainiaren Otempodiz ikuskizuna dela jakin dut gero. Fenias Nhumaio eta Deissane Machava dira dantzariak, Mozambiketik etorriak. Nik doinu afrikarrez bezala sailkatu ditudan abestien erritmora mugitzen dira. Hasieran, estilo garaikidetik jo dute, porté-ak eta itzulipurdiak lurretik. A, beno, istorio homoerotiko bat da, pentsatu dut. Baina gero ez. Gero istorio tristeago bat bururatu zait. Plaza osoa dute begira (eta denak gara zuriak bi beltzeei begira) eta gutako bakoitzak kontakizun bat sortu duelakoan nago.

Bukatu da beste kanta bat, eta hurrengoarekin jantzita daramaten monoaren goiko aldea kendu dute. Uuuuuuuuuu bakan batzuk ere entzun dira lotsati. Horiek beste pelikula bat muntatuko zuten mozanbiketarren soin biluzia ikusita. Alaiago ari dira orain, muskulu denak muturreraino bihurritzen dituzte, eta txaloez lagundu diegu tragoa lurrean utzita. Txiribueltak airean dira orain, eta atsegina da irribarrez ikustea dantzariak. Baina ulertu gabe geratu naiz amaitu orduko.

Denborak dio. Otempodiz. Antza, denboraren alegoria bat irudikatzen dute, zer den han denboraren joana, eta zer hemen. Dantzak horren gainean duen botera ekarri nahi dute plazara. Ez da gustatu ez zaidanik, ulertu nahi eta ezin horrek oztopatu dit behar bezala gozatzea. Agian horrenbeste tematu naiz ulertzen zeri begira ari ziren haiek, zeri ari ginen gu begira, eta ihes egin digu denborak konturatzerako.