argia.eus
INPRIMATU
Begia galtzea, manifestazioan parte hartu zuen neskaren errua izan zela dio epaile batek
  • 2021ean Pablo Hasel rap musikariaren atxiloketaren aurka Bartzelonan egon zen manifestazioetako batean parte hartu zuen neskak eta begia galdu zuen mossoek jaurtitako foam bala baten ondorioz. Epailearen ustez, neskak “ondorioak bereganatu beharko lituzke”, istiluak ziren manifestazio batean parte hartzeagatik.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko maiatzaren 24a
Osasun zerbitzuak zauritutako neska artatzen, mossoek foam balez zauritu ondoren. (Argazkia: Público / Paula Ericsson)

Bartzelonako Lehen Instrukzio Auzitegiko Joaquin Aguirre epaileak auziari buruz egin duen autoa eskuratu du El Pais egunkariak eta hartan irakurri daitezke aipatutakoak. Agirreren ustez, biktimak “arrisku egoeran jarri zuen bere burua”, eta tiro egin zuten mossoek ez zen ez zuhurtziagabetasunik egon, ez kalte egiteko asmorik; proportzionaltasunez jokatu zuten, areago manifestari batzuen aldetik “muturreko oldarkortasunez” aritu zirenean. Horregatik guztiagatik, epaileak artxibatu egin du neskak jarritako salaketa.

Auzian herri akusazioa daraman Iridia Zentroaren aburuz, auzia “azkarregi” artxibatu da eta gainera “desegokia” da. Instrukzioan zehar kriminalitate zantzuak direla diote, bai tiro egin zuten mossoen aldetik, bai haiei tiro egitea agindu zien sarjentuarenetik.

Herri akusazioak jarritako helegitearen arabera, mossoek ez zuten errespetatu zehaztasuneko jaurtigaien barne protokoloa. Horren ondorioz, tortura delitua ere izan daitekeela uste dute, edo subsidiarioki, integritate moralaren aurkako delitua.

Helegitearen arabera, halaber, biktima larri zauritu zuten agenteen aurkako norabidean zihoanean: “Haien arteko distantziak, gainera, poliziekiko edozelako eraso egin ahal izatea eragozten zuen” eta horren ondorioz, ez zegoen “inongo arriskurik”, ez polizientzat, ez gainerako manifestarientzat. Horrexegatik, akusazioak uste du indarraren “legez kontrako” erabilera egon zela mossoen aldetik.

Mutilazioa justua da orduan?

Begia galdu duen neskak idatzitako idazkia irakurri du ostegun honetan haren aitak eta bertan, neskak deitoratzen du epaileak “justutzat” hartzea bere “mutilazioa”: “Esan nahi du horrek kalean manifestazioak egitera ateratzea ez dela segurua? Hau da, ezkerrekoa bazara, independentista, haiek nahi dutenaren aurka bazoaz, mutilatua bukatuko duzu: badirudik hori adierazi nahi digula epaileak”.