argia.eus
INPRIMATU
Bederatzi pertsonari lau eta hamar hilabete arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie Voxen kontra protesta egiteagatik Bilbon
  • Atxuri auzoan 2019ko azaroaren 5ean Voxen kontra egin zuten bederatzi pertsonaren kontrako epaia iritsi da. Akusatuek ez dute espetxean sartu beharko.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 17a
Voxen aurkako protesta Atxuri auzoan Hordago / El Salto

Voxek Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak zirela eta propaganda postu bat jartzen saiatu zen Vox, baina beste leku ugaritan bezala, eskuin muturreko alderdiaren kontra egin zuten protesta hainbat pertsonak Atxurin. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak aztertu du auzia eta erabaki du bederatzi akusatuek "Vox ezagutu nahi dutenei beren ideien berri libreki ematea, eta beren botoaren buruzko iritzia askatasunez ematea galarazteko helburuarekin" jardun zutela. El Diariok jakinarazi du sententziak Voxeko kideei irainak eta mehatxuak egin zitzaizkiela jasotzen duela, baita polizia-hesia gainditzeko ahaleginak egin zirela ere.

2024ko azaroaren 18an egin zen epaiketan bederatzi akusatuen artean zortzik akusatu zietena onartu zuten eta beraz, karguak arindu zizkieten. Hortaz honela geratu da kontua: Lau hilabeteko kartzela-zigorra delitu elektoralagatik epaitutako pertsonei eta hamar hilabetekoa autoritatearekiko erresistentzia delitua egotzi zaienei. Kartzela-zigorrak bi urte baino baxuagokoak direnez, akusatuak ez dira espetxera sartuko aurrekaririk ez badute. 

Azken baten kasuan, akusatuaren esku-hartzea ere frogatutzat jotzen du auzitegiak nahiz eta akusatuak ekintzak onartzen ez dituen. Bertaratutako ertzain batek epaiketan esan du akusatuak Voxeko kideak "iraindu" zituela eta faxista deitu ziela, polizia-lerroa zeharkatzen saiatu zen bitartean, El Diariok jaso duenez.