argia.eus
INPRIMATU
Bederatzi pertsona milioidun bihurtu dira COVID-19aren aurkako txertoei esker
  • Txertoa Herriarentzat Aliantzak egindako azterketaren arabera, txertoen fabrikazioa eta salmenta kontrolatzen dituzten farmazia-enpresek lortutako etekinetatik, gutxienez, bederatzi pertsona milioidun bihurtu dira pandemia hasi zenetik. Zerrendaren buruan Moderna eta BioNTech-eko zuzendari exekutiboak daude, baita beste inbertitzaile batzuk eta farmazeutikoetako goi-kargudunak ere.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 28a

Gutxienez bederatzi pertsona izugarri aberats bihurtu dira pandemia hasi zenetik, koronabirusaren aurkako txertoen fabrikazioa kontrolatzen duten farmazia-enpresek lortutako etekinen ondorioz. Txertoa Herriarentzat Aliantzak Forbes aldizkariko milioidunen zerrendako datuak aztertu ditu, eta agerian utzi nahi izan dute "neurri handi batean funts publikoekin finantzatutako txertoei esker, pertsona gutxi batzuentzat sortzen ari den aberastasun handia". Txeroa Herriarentzat Aliantza osatzen duten erakundeen artean besteak beste, Aministia Internacional, Oxfam eta ONUSIDA daude.

Koronabirusaren aurkako "txertoen aberats berrien" zerrendaren buruan, Moderna eta BioNTecheko, Stéphane Bancel eta Ugur Sahin zuzendari exekutiboak daude, horietako bakoitzak 4.000 milioi dolar edo gehiagoko ondarea du. Zerrenda horretan sartzen dira, halaber, Modernako bi inbertitzaile eta AEBetako enpresa bioteknologiko horretako presidentea, baita Moderna txertoa egiteko eta ontziratzeko akordioa duen enpresa bateko zuzendari nagusia ere; neurri handi batean funts publikoek finantzatu zutena. Zerrendako azken hiru aberatsak ordea, CanSino Biologics enpresa txinatarraren sortzaileak dira.

Aktibistek salatu dutenez, "txertoen milioidunak" sortzen ari dira. Enpresa horiek txertoen monopolioaren kontrola daukate: "txertoen hornikuntza eta prezio kontrolatzen dituzte, eta haien irabaziak handitzeaz gain, herrialde txiroek behar dituzten txertoak lortzeko zailtasunak sortzen dituzte".

Diru publikoarekin finantziatutako txertoak

No es Sano erakunde-aliantzaren txostenaren arabera, pandemia hasi zenetik koronabirusaren aurkako txertoek ia 5.000 milioi euro jaso dituzte funts publikoetatik eta erakunde filantropikoetatik. Inbertsio hori sektore farmazeutikoaren "esku" utzi dela salatu dute, "baldintzarik gabe eta herrialde guztientzako sarbide unibertsala eta bidezko prezioak ziurtatu gabe".

Dokumentuaren arabera, AEBak eta Alemania dira, txertoen I+Gko inbertsiogile handienak. Atzetik, Erresuma Batua, Europako Batasuna, Kanada, Norvegia, Singapur eta Txina daude. Ikerketa-taldeak eta enpresa farmazeutikoak izan dira funts horien hartzaileak. Janssen, Moderna, Pfizer/BioNTech eta Curevac laborategiak daude I+Grako diru publiko gehien jaso dutenen zerrendaren buruan: dokumentatutako inbertsio publikoaren erdia baino gehiago haiek jaso dute.

2020an mundu osoko gobernuek I+G finantzatzeko eta enpresek banaketa eta hornidura bermatzeko konpromisoa hartu zuten. Baina No se Sano-ko kideek gogorarazi dutenez, gerora sortu diren erantzunak txerto banaketa "bidegabea eta deskorekatua" ekarri dute. Hala, "herrialde aberatsetan bildu da txertoen gehiengoa, diru sarrera txiki eta ertaineko herrialdeak atzean utziz". 

Munduko Osasun Erakundeak (OME) ohartarazi duenez, herrialde aberatsak munduko biztanleriaren % 15 dira, baina munduko txertoen % 45 dituzte. Errenta baxuko eta ertain-baxuko herrialdeak munduko biztanleriaren ia erdia dira, baina munduko txertoen % 17 baino ez dute jaso. Bestalde, OMEren kalkuluen arabera, txerto guztien % 75 baino gehiago 10 herrialdetan baino ez daude.

Anna Marriot, Oxfameko osasun politiken arduradunak hala adierazi du: “Txerto horiek diru publikoarekin finantzatu ziren eta, batez ere, munduko ondasun publikoa zaindu beharko lukete, ez onura pribaturako aukera bat. Monopolio horiek amaitu behar dira lehenbailehen, txertoen ekoizpena handitu, prezioak jaitsi eta munduari txertoa jarri ahal izateko ".

No es Sano aliantzaren txostenak gobernuei, farmazialariei eta ikerketa-zentroei COVID-19aren aurkako teknologiarako sarbide mankomunatua delakoari gehitzea eskatzen die. Mekanismo hori duela urtebete sortu zuen OMEk, eta lizentziak modu ez-esklusiboan eta gardenean ematea du helburu, ahalik eta fabrikazio-gaitasun handiena aprobetxatzeko. Oraingoz, txerto nagusien ekoizleek ez dute ekimenarekin bat egin.