Gasteizko Mercedeseko langileek bederatzi orduko bi txandetan egingo dute lan aste bitartean, eta larunbat goizetan zortzi orduz, 2025eko martxotik aurrera. Hori da enpresako patronalak iragarri duena iragan astean, gehiengo sindikala aurka azaldu bada ere. Osasunerako eta kontziliaziorako kaltegarria izateaz gain enpresak berak 2025erako aurreikusitako produkzioarekin betetzeko ez dela beharrezkoa azaldu dio ARGIAri Mikel Díaz de Alda LABeko delegatuak, eta horregatik langileen artean “ulertu ezina” dela nagusi.
Aste bitartean bederatzi orduko bi txanda (6:00etatik 15:00etara eta 15:00etaik 00:00tara), eta goizekoa egokitzen den astean, larunbat goizean beste zortzi ordu. Urrian aurkeztu zien asmoa enpresaren zuzendaritzak sindikatuei, eta orduan jada langile batzordearen 29 ordezkarietatik hamazortzi dituzten ELA (9), LAB (5) eta ESK (4) aurka azaldu ziren. Lan hitzarmena UGT (6), CCOO (4) eta Ekintza (1) sindikatuek sinatu dute, gutxiengoan.
“Langileek ez luke behar adina atseden hartuko eta 600 pertsona inguru soberan leudeke muntaketa-katean", adierazi zuen ELAko ordezkari eta enpresa batzordeko presidente Igor Guevarak. “Ez zaie gustatzen ez lan-hitzarmenaren sinatzaileei, ez enpresari berari, badakitelako zer inpaktu duten eta zer nahigabe sortzen duten langileengan”, adierazi zuen ESK-k. “Ezin dira langileak 53 orduz lan egitera behartu goizeko txandako asteetan eta 45 orduz arratsaldekoan. Langile zahartuak gara, langileen %35 50 urtetik gorakoak; neurri horiek aplikatzeak ekarriko dituen gauza bakarrak baja gehiago eta produktibitate txikiagoa dira", adierazi zuen LABek.
Orduan proposamen gisa aurkeztu zuena ezartzea erabakia duela jakinarazi du iragan astean zuzendaritzak. Langileen artean dagoen sentimenduaz galdetuta, “ez du inork ulertzen”, azaldu dio ARGIAri Diaz de Aldak. Batetik, “osasunerako eta kontziliaziorako oso kaltegarria litzateke bederatzi orduko lanaldietan lan egitea”, dio. Gogoratu du enpresa kexu dela baja asko hartzen dituztelako langileek, “bada, horrela lan eginez gero gehiago izango dira”. Bestetik, “produkzioari begira ere ez dago beharrik”, ziurtatu du. Enpresak berak hurrengo urterako 124.000 furgoneta ekoiztea aurreikusi du, pandemiaz geroztik kopururik txikiena. Hain zuzen ere, eta Mercedesen tradizioari jarraiki, zuzendaritzak mehatxu egin du bere baldintzak ez onartzekotan kanporatzeak egin beharko dituela. “Inor ez dago soberan”, erantzun du horren aurrean Díaz de Aldak, argudiatuta badirela moduak lanpostu guztiak mantentzeko.
Zer egingo dute langileek eta sindikatuek? Oraindik egoera nahasia dela dio LABeko ordezkariak. Sindikatuen artean ez dira bildu oraindik, eta haien artean ikuspegi ezberdinak daude enpresaren proposamenaz. Batzuk uste dute indarrean dagoen lan-hitzarmena urratzen duela eta, hortaz, ez dela aplikatuko. LABek ez du hori horren argi, “eta lan hitzarmenaren barruan sartuko balitz, protestak legez kanpokoak lirateke”. Hori guztia, Europako autogintzaren industriak oro har krisi sakona bizi duen garaian, eta baita Mercedesek ere. Alemaniako enpresa multinazionalak irailean iragarri zuen bere etekin aurreikuspenak murriztu dituela 2024rako. Edonola dela, momentuz behintzat inork ez du auzitan jarri enpresak eta instituzioek Gasteizko plantarako iragarritako 1.000 milioi inguruko inbertsioa, 2026an furgoneta elektrikoen modelo berria eraikitzen hastea helburu duena.