argia.eus
INPRIMATU
Bederatzi lagun epaituko dituzte Bilbon astelehenetik aurrera, Voxen ekitaldi bat eteteagatik gorroto delitua egotzita
  • Duela bost urte Bilboko Atxuri auzoan Voxen diskurtsoaren aurka mobilizatu ziren bederatzi gazte epaituko dituzte. Goizean bildu dira Bilboko Probintzia Auzitegiaren aurrean zenbait kide, akusatuen absoluzioa eskatzeko eta faxismoaren gorakada salatzeko.

Leire Ibar 2024ko azaroaren 18a
Asier Gallastegi

2019ko azaroko hauteskundeetan Voxek propaganda egiteko postua ipini zuen Enkarnazio Plazan, Atxuri auzoan. Hainbat pertsona protesta egitera bertaratu ziren, baita Ertzaintza ere. Poliziak hiru pertsona atxilotu, gutxienez bat zauritu eta beste sei identifikatu zituen “agintearekiko desobedientzia eta Hauteskunde Legea urratzea" leporatuta. Orduko gertaerengatik orain izango dute epaiketa akusatuek. Epaiketa astelehenean hasi eta asteazkena arte luzatuko dela aurreikusten da.

Fiskaltzak zazpi eta hamalau hilabete arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu, Vox-ek aitzitik, lau eta zortzi urte arteko kartzela zigorrak exijitzen ditu auziperatuentzako. Goizeko 8:30etan egin dute elkarretaratzea, eragile ezberdinetako zenbait kide eta Atxuriko auzotarrak bildu dira akusatuen absoluzioa eskatzeko.

EITBk jaso duenaren arabera, auzotarrek “elkarbizitzaren eta elkartasunaren bidez” erantzun nahi diete auziari. Elkartasuna adierazi diete orain bost urte “matxismoaren eta xenofobiaren kontra egitera” hurbildu ziren auzotarrei, eta gaur egungo faxismoaren gorakada salatu dute Auzoak maitatu, faxismoa akatu! lelopean.