argia.eus
INPRIMATU
Bederatzi kazetari kurdu askatu dituzte, zazpi hilabete preso eduki ostean
  • Epaiketaren lehen eguna amaituta eta bederatzi kazetari kurduak askatu dituzte. Urte erdia pasatxo preso eduki dituzte "terrorismoa" egotzita. Ankarako espetxean zeuzkaten eta orotara hamaika kazetariri erakunde terroristako kide izatea egozten diete.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2023ko maiatzaren 17a
Epaitu dituzten hamar kazetaritatik bederatzi askatu dituzte asteartean.

Zenbait hedabide independentetako hamar kazetariren aurkako epaiketaren lehen saioa asteartean amaitu da bederatzi kide askatuta, guztiak bat izan ezik: Hamdullah Bayram.

Auzitegi Gorenak ebatzi du kazetari batek duen lantokia ezin dela izan bera atxilotzeko arrazoi bakarra, "erakunde terroristako kide" izatearen susmopean. Kazetarien abokatuak eskatu du guztiak askatzeko, ANF agentzia kurduak jaso duenez.

Kazetari kurduen aurkako epaiketa Ankaran. (Argazkia: ANF)

Auzitegiak Hamdullah Bayramen espedientea bereiztea erabaki du eta beste sumario batekin elkartzea. Mesopotamia News Agency eta JinNews hedabideek ikerketapean jarraituko dute eta azken sumario hau gaiarekin lotua da. Epaiketak 2023ko uztailaren 5era arte iraungo du. Hamdullah Bayram kazetaria 2023ko martxoaren 20an atxilotu zuten, ikerketa berean.

Mugarik Gabeko Erreportariak elkarteak Turkiako autoritateei dei egin die "utz dezaten justizia instrumentalizatzeari oposizioko prentsa jazartzeko", Kurdistan Au Feminin blogean jaso dutenez.

Prentsa askatasunaren aurkako erasoak ohikoak dira Turkian, eta batez ere, Turkiaren menpeko Kurdistanen, ARGIAn ere jorratu izan dugunez hemen, hemen edo hemen, hiru adibide aipatzearren. Turkiako Poliziak itxiarazitako Azadiya Welat kurduerazko egunkariari buruzko erreportajea ere sarean irakurgai da: prentsa askearen martiriak.