argia.eus
INPRIMATU
Bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete bi gazteri, “Polizia muntaia” salatu du Karta Sozialak
  • 2020ko urtarrilean Eskubide Sozialen Kartak antolatutako greba orokorreko manifestazioetan parte hartu zuten zigortutako bi gazteek. Espainiako Poliziak "desordena publikoa" egiteko asmoa izatea egotzita identifikatu zituen, eta orain epaileak arrazoia eman dio Poliziaren bertsioari, irudietan aurpegia estalita duten arren.

Lide Iraola 2022ko abenduaren 14a
Eskubide Sozialen Kartak lau gazteren aurkako epaiketa "muntaia poliziala" dela salatu zuen ekainean. / Argazkia: Hala Bedi

Bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete 2020an Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorrean parte hartu zuten bi gazteri. “Desordena publikoa” eragiteko asmoa zutela argudiatuta, El Corte Ingleseko ateari ostikada ematea eta petardo bat piztea leporatu diete. Karta Sozialak "Poliziaren muntaia" salatu zuen epaiketa abiatu zenean eta “eskubideen alde egiten duen oro kriminalizatzeko” saiakera dela arbuiatu.

2020ko urtarrilean Eskubide Sozialen Kartak greba orokorra antolatu zuen Hego Euskal Herrian “lan, pentsio eta bizitza duinen” alde, eta kalean mobilizazioak egin zituzten milaka lagunek. Hilabeteak geroago, 2020ko azaroan, istiluak eragitea leporatuta lau gazte Gasteizko Justizia Jauregian epaitu zituzten.

Espainiako Poliziaren identifikazioa eta El Corte Ingleseko irudiak zituzten froga gisa. Roberto Ramos epaileak ebazpenean aitortu du irudietan agertzen diren askori ez zaiola aurpegia ikusten, baina haien siluetek bat egiten dutela bi akusatuen itxurarekin. Irudiren batean haietako bat “bere sudur bereizgarriagatik” atzematen dela adierazi du.

Zigor-arloko bigarren epaitegiak zigortutako bi gazteek aitortu zuten mobiliziazioetan parte hartu zutela, baina istiluak sortzea eta “desordena publikorako” asmorik izatea ukatu zuten. Ez dituzte kartzelan sartuko, zigor aurrekaririk ez dutelako. Ebazpenari helegiteak jartzeko aukera irekita dago, Hala Bedi-k jaso duenez.