Sexu erasoak barraka bateko segurtasun uhalak ondo zeudela egiaztatzeko aitzakiapean egin ditu, adingabeek adierazi dutenez. Biktimek gurasoei azaldu diete gertatutakoa eta berehala jarri dute familiek salaketa.
Bederatzi adingaberi ukituak egitea egotzita atxilotu dute 26 urteko gizon bat Abantoko Gallarta auzoan (Bizkaia). Bertako festen testuinguruan barraka bateko segurtasun uhalak ondo zeudela egiaztatzeko aitzakiapean egin ditu eraso guztiak, familiek salatu dutenez.
Biktimek gertatutakoa haien artean komentatu eta gurasoei jakinarazi ostean, berehala gerturatu dira familiak salaketak egitera Ertzaintzaren komisariara. Abantoko Udalak erasoa jasan dutenei elkartasuna eta babesa adierazi dizkie, eta gaitzetsi egin ditu erasoak. Bide beretik, elkarretaratzea antolatu du astelehenean 19:00etan udaletxeko zabalgunean.