Barakaldoko Udalak BEC erakustazokaren izenetik Bilbo hitza kendu eta Barakaldo jartzea eskatu du asteazkenean Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean aurkeztutako mozioan. PSEren Udalak herriko talde politiko guztien sostengua eskuratu nahi du.
Alfonso Garcia alkate sozialistaren iritziz “BECen izenaren aldaketa eskatzeko garaia iritsi da, Barakaldon kokatua baitago eta ez Bilbon”. Arrazoi nagusia erakustazokak hiriburuarekin duen identifikazioa bertan behera uztea da. Gainera demanda egiteko garairik hoberena dela txertatu du Garciak: “Orain da momentua, bertan 2014ko Munduko Saskibaloi Txapelketa ospatuko baita”.
BECeko Akziodunen Batzarrari hemendik aurrera erakustazokako prentsa oharretan “kokalekua Barakaldo dela eta ez Bilbo agerian uztea” eskatu du Udalak. Pabiloia alokatzen duten entitate, enpresa edo norbanakoen kontratuetan klausula bat sartu nahi dute, “ekitaldien kokapen geografikoa zuzen adieraz dezaten”.
Nazioarteko Saskibaloi Federazioari (FIBA) eta Espainiako Saskibaloi Federazioari (FEB) eskutitz bana bidaliko die alkateak, 2014ko Saskibaloi Mundialaren egoitza ofizial bezala Barakaldo agertu dadin eskatuz, hiriburuaren izenaren ordez.
Garciak aurretik ere aldarrikatua duen herriarekiko bidezko tratu bat eskatu dio Aldundiari. Alkateak finantziazio bidezkoago bat eskatu du. “Bizkaiko bigarren herria izanik Udaletxeentzako diru-sarreretan Bilbok baino %47 gutxiago jasotzen dugu herritar bakoitzeko”. Garciaren iritziz diru-sarreretan neurriz kanpoko aldea dago. “Udalerri desberdinetako herritarren artean konparaziozko bidegabekeriarik egon ez dadin nahi dut”.