argia.eus
INPRIMATU
Beasaingo CAFeko sarrera hartu dute Trenasa filialeko langileek, itxieraren aurka
  • CAFen filial bat da Trenasa, eta Castejongo (Nafarroa) 118 langileak kaleratzea ekarriko luke zuzendaritzak lantegia ixteko hartutako erabakiak. Ostiralean greba mugagabeari ekingo diote beharginek.

Gedar @GedarLangileKZ 2020ko irailaren 30
Trenasako langileak Beasaingo CAFen, gaur goizean. Argazkiak: LAB / @CARMELO069

Ostiralean hastekoa duten greba mugagabearen atarian, CAF multinazionalak Beasainen (Gipuzkoa) duen lantegira eraman dute borroka Trenasako langileek. CAFen filial bat da Trenasa, Castejonen (Nafarroa) kokatua, eta abenduan lantegia ixteko asmoa agertu du, "lan-karga faltagatik". Kaleratze masiboa eragingo luke horrek: 118 langilek dihardute soldatapean Trenasarentzat.

Goizean goiz, Beasaingo CAFen sarrera blokatu dute beharginek, auto ilara luzeak eraginez. Ertzaintza agertu, eta hainbat kide identifikatu ditu, AhotsaInfo-k berri eman duenez. Ondoren, bulegoetara jo dute langileek, hango sarrera oztopatzera. Polizia inguruan izan dute etengabe.

Ondoren, Iruñean, Nafarroako Parlamentura joaten saiatu dira dozenaka langile, baina Espainiako Poliziak eragotzi die bertaratzea. Enpresak sei milioi euroko laguntza publikoak jaso zituen 2019an Nafarroako Gobernuaren partetik, Sodena sozietatearen bitartez. Astelehenean, ostiraletik aurrera greba mugagabeari ekitea erabaki zuten langileek.