argia.eus
INPRIMATU
Beasaingo CAFek eten egingo ditu telematikoki egin ezin diren lan guztiak
  • Gipuzkoako lantegi handiena den CAF enpresak ere bere produkzioa etengo du koronabirusaren krisia dela-eta. Datorren astetik aurrera langileei Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea zabalduko zaie, enpresa batzordearekin negoziatu ondoren.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko martxoaren 16a

Euskal Herriko industria gelditzen ari da pixkanaka koronabirusaren krisiagatik, eta Gipuzkoan horren motor nagusietakoa den CAF enpresak ere etxera bidali ditu langileak, gutxienez hamabost egunerako. Soilik telematikoki egin daitezkeen lanekin jarraituko dute.

Astelehen goizean izan dute neurriaren berri langile askok. LAB sindikatuak helarazitako ohar batek dio martxoaren asteazken arteko egunak –martxoaren 16tik 18ra– ordainduak izango direla eta 2020an berreskuratu beharko dituztela eta horrekin “osatuko” dela egun hauetako soldata.

Baina egoera ez da batere ziurra eta datorren astelehenetik aurrera berdinean jarraituz gero “halabeharrezko” ERTE edo Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea (ABEEE) ezartzea aurreikusten du enpresak. Horretarako baldintzak, baina, langileen ordezkaritza duen enpresa batzordearekin negoziatuko ditu.

ABEEE bat zabaltzeko, enpresak langileekin negoziatu beharra dauka, Langileen Estatutuaren 47. Artikuluaren arabera, baina lantegiaren “halabeharrezko” itxiera gertatzen bada, eskaria zuzenean egin diezaioke administrazioari.

Nolanahi ere, orain arte enpresa handiek sindikatuekin negoziatu izan dute, esaterako Iruñeko Volkswagenek beharginen soldatak eta lanpostuak bermatuko dituela ziurtatu zien joan den astean. ABEEEaren bidez, bestalde, langileek Gizarte Segurantzan kotizatzen jarraituko dute eta aldi berean langabezia kobratuko dute.

Halabaina, CAFen itxiera golpe gogorra izango da bera hornitzen duten inguruko enpresa txiki askorentzat.