Albistea Ane Arrietak zabaldu du Goierriko Hitzatik: "Erantzunaren zain, 'luze iritzita'". Erantzunik jaso gabe, luze-iritzita daudela, alegia, Beasaingo Andramendi Ikastolakoak: haurrak 16 urte arte eskolan bertan hezteko behar duten DBH mailan atxiki ahal izateko baimena eskatu eta hilabeteak aurrera arraposturik gabe. Ikastola bat prentsa bidez bere aldarria zabaltzen ez dirua eskatzeko baizik eta baimena eskuratzen ez duelako kezka azaltzearren, ez da sarriegi ikusten egunotan.
1996an abiatu zen Andramendi ikastola 149 haurrekin Beasainen. Goierriko euskaltzaleen artean zalaparta puska bat eragin zuen bost urteren buruan, 2001ean, jasan zuen barne krisiak. Orduan ere tartean zen haurrak 16 urte arte ikastolan atxikitzeko beharrezkoa den DBH maila lortu nahia.
Hamabi urte beranduago, Eusko Jaurlaritzak Herri Onurako kooperatiba gisa homologatu duen Andramendik 2012-2016 plana garatu nahian Hezkuntza Sailari eskatuta dauka DBH maila irakasteko baimena. Arduradunek Hitzari azaldu diotenez, "Beasaingo Ikastola luze-iritzita dago prozesu administratibo honetan Ikastolaren beharrizanei baino gehiago beste interes batzuei begiratzen zaielakoan". Eskola barruko irakasle eta gurasoen artean azaroaren 25ean batzar bat egin zuten gaia jorratzeko eta abenduaren 10erako antolatu dute hurrengoa.
Hezkuntza alorrean Europa osoan, hego aldekoan nabarmenago, gobernuek ezarri dituzten murrizketa gordinak dira eztabaidagai hilabeteotan. Ez da ahaztu behar, hala ere, Euskal Autonomia Elkartean hezkuntz mapa deituaren inguruko polemikak dexentez lehenagokoak direla, berekin dakartzan berrantolatze, fusio eta baimen emate eta ukatzeak tarteko. 2013ko abenduan aktualitatez daude kontuok Beasainen.
Andramendi ikastolaren "DBH: 77 urratsetara" eta "DBH Hemen festa" bideoak