argia.eus
INPRIMATU
BBVAk iaz irabazi zituen 4.830 milioiak “odolez bustita” daudela salatu dute
  • BBVAko Akziodunen Biltzarra batu dela probestuz, bankuaren jardun okerrak salatu ditu BBVAren Aurkako Plataformak. Banketxearen irabaziak odolez bustita daudela adierazi dute ekintzaileek. Barnean, bankuko presidente Carlos Torres Vilak pozarren jakinarazi du iaz 4.830 milioi euroko irabaziak izan zituela.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko martxoaren 13a
Hainbat pertsonak aurten ere pintura gorria bota dute beren gainean, protesta gisa.

Beste urte batez, BBVAren Aurkako Plataformak protesta ekintza egin du, BBVAko Akziodunen Biltzarra biltzekoa zela probestuz. Euskalduna Jauregiko ateetan egin dute ekintza: trajez jantzita agertu da ekintzaile talde bat, eta pintura gorria jaurti dute beren buruetatik behera. Salatu nahi izan dute BBVAren irabaziak “odolez zikinduta daudela, haren onurak milaka gerratan eta gatazkatan izandako minetik datozela, arrakala sozialean sakontzen dutela, klima aldaketan, ingurumen hondamendian”.

Horrekin batera, banketxeak praktika onartezinak legitimatzeko saiakera etengabekoak egin dituela ere salatu nahi izan dute. “Bere jarduerak ‘iraunkortasunaren adierazle’ berriarekin, haren gizarte erantzukizunarekin, Ekuadorreko Printzipioekin eta abarrekin makilatu ditu, edo kontrako irudia edo irudi positiboa eman diezaioketen ekintzen finantzaketarekin”, adierazi dute. Alabaina, banketxeak eman nahi duen irudi onaren atzean ezkutatzen diran hainbat praktika argitaratu ditu plataformak.

Emandako datuen arabera, BBVA da Espainia Estatuko armagintza industriako inbertsioen buru, eta 2013 eta 2018 artean 4.200 milioi euro bideratu ditu armagintza enpresetara; “BBVAk finantzatutako arma horiek erabili egiten dira, arma horiek hil egiten dute, arma horiek herriak suntsitzen dituzte eta gerrak, errefuxiatuak eta abar eragiten dituzte”, salatu dute. Armagintzarekin batera, mundu zabalean gizarte eta ingurumen inpaktu handiko makroproiektuak finantzatzen dituela ere azpimarratu dute. Horretaz gain, milaka etxe kaleratzeren erantzulea eta pentsioen pribatizazioan sakontzeko presioa egiten duen bankuko lobbyaren parte dela ere ohartarazi dute.

Praktika oker horien guztien salaketa egitearekin batera, gogorarazi dute BBVA auzipetzen ari direla, “13 urtez Villarejo komisarioa 10,28 milioiren truke kontratatzeagatik lan zikinak egiteko”.