argia.eus
INPRIMATU
BBVAren “politika hiltzaileak” salatu ditu BBVAaren Aurkako Plataformak beste behin
  • Odola irudikatzen duen margo gorria bota dute buru gainera BBVAaren Akziodunen Batzarretik hurbil bankuaren Aurkako Plataforma osatzen duten sindikalistek, hezkuntza-profesionalek, antimilitaristek, ekologistek, internazionalistek eta hainbat herritarrek, bankua “odolez zikinduta” dagoela salatzeko.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko martxoaren 11

Hainbat arrazoirengatik dago bankua odolez zikinduta, ekintza egin dutenen arabera: “Pobreen eta aberatsen arteko diferentzia sustatzen dute bankuaren “joko zikinek”, 288 milioi euro baino gehiago ematen dizkie Espainiako armagintza-fabrikei, jendea etxeetatik botatzen dute, eta etxe horiek eskuratzen ditu, ingurumenarekiko oso bortitzak diren proiektuak bultzatzen ditu, eta bankuak finantzatutako Quimbo urtegiaren proiektuan Nelson Giraldo ekintzailea erail zuten”.

BBVAk 2.642 milioi euroko irabazia lortu zuen 2015ean –iaz baino % 0,9 gehiago–, eta herritarren gehiengoa krisi handi batetik atera ezinean dabil, plataformako kideek salatu dutenez. “Krisia, gainera, bankuek egindako espekulazioak eragin du, eta herritarrok ordaindu ditugu ondorioak: estatuko fondoak bankuak salbatzeko erabili dira, eta kaleratzeak gertatu dira etengabe. Zurikeria da haien ikurra. Baina guk jarraituko dugu haien benetako aurpegia erakusten”, gaineratu dute.

Kanariar Uharteetako eta Madrileko antimilitaristek ere hartu dute parte salaketan.