argia.eus
INPRIMATU
BBVAren kontra altxatu dira Andaluzian, Cerro Libertad lursaila desalojatuko duela eta
  • Cerro Libertad Jaenen okupatutako lursaila hustea ebatzi du hiriko epaitegiak. BBVArena da 75 hektareako lursaila, eta Andaluziako Langileen Sindikatuak (SAT) okupatu zuen. SATeko kideek salatu dute tokia “abandonatuta” daukala BBVAk, eta Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) diru-laguntzak jasotzen dituela.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko martxoaren 15a
SATek antolatutako ekintzen egitaraua (Arg: Portal de AndalucĂ­a)

2017ko apirilaren batean SATek Aguardentero herrian utzita zegoen lursaila okupatu zuen. Anida enpresarena da lursaila, ezen BBVA entitate finantzarioaren higiezinen agentzia baita. Okupazio ekintzak helburu argia zuen: Andrés Bódalo SATeko buruaren kartzelaratzea salatzea, espetxean urtebete egin zuenean. Laborariek lursaila bereganatu dutenetik, 65 hektarea olibondoz bete eta oliba olioa egiteko erabili dituzte, langabezia %30ekoa den probintzian.

 

 

SATek ekintza ugari antolatu ditu desalojoa salatzeko asmoz. Asteazkenean, Jaengo langileek euren herri-hiriko BBVAren egoitza parean kontzentrazioak egin dituzte. Larunbatean, Jaengo BBVA egoitza nagusitik okupatutako lursaileraino martxa bat antolatu dute; eta martxoaren 19an, Espainiako Estatuko Segurtasun indarrak lursaila desalojatzea aurreikusi duten egun berean, Cerro Libertad-en ekintzak antolatuko dituzte.

Elkartasuna Gasteiztik

Errekaleor Bizirik! plataformak bat egin du SATen protestekin, eta kontzentrazioak egin dituzte Gasteizko Dato kaleko BBVAren egoitzen parean. Mobilizazioaren ostean, Errekaleor Bizirik! plataformakoek galdegin dute “lurra lantzen duenarena” dela, eta ez “irabaziak lortzeko esplotatzen duenarena”. Bestalde, dei egin dute nola Cerro Libertad-en aldeko hala kapitalismoa auzitan jartzen duen edozein proiekturekin elkartasun keinuak antolatzera.