argia.eus
INPRIMATU
BBVAren barrunbeetaz diharduen liburua aurkeztuko dute Bilbon
  • Oriol Malló kataluniarrak kazetaritza lan mardula egin du BBVAz eta berorren funtzionamenduaz. El libro negro del BBVA (BBVAren liburu beltza) da emaitza, eta ostegunean aurkeztuko du Bilbon.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 10a

Koronabirusa tarteko, bere garaian aurkeztu gabe geratu ziren liburuetako bat da Txalaparta argitaletxeak argitaratutako El libro negro del BBVA (BBVAren liburu beltza). Oriol Malló Vilaplana (Bartzelona, 1967) kazetari kataluniarra du egile, eta bertan BBVA bankuaren erraiak bistaratzen ditu, “bere sorreratik gau egungo hedapen globalera arte”, argitaletxeak azaldu duenez.

“Sistemaren estoldetan egindako ibilbide argigarria da, banketxe erraldoiaren garai ezberdinetako testuinguru ekonomikoaren azterketa sakona osatzera datorrena, eta azken finean, euskal eta espainiar kapitalismoaren bilakaeraren kronika bilakatzen zaiguna”, irakur daiteke liburuaren atzealdean.

Liburua ekainean aurkeztu behar zuten jendaurrean, baina pandemiak eragindako atzerapenak medio, atzeratu egin behar izan dituzte datak. Irailaren 10ean, osteguna, Bilboko FNAC dendan egingo dute aurkezpena, 18:00etan.