argia.eus
INPRIMATU
BBVAko soldatatxo horiek
  • Azken egunetan ezagutaraziko datu ofizialen arabera, BBVAko kupulan dauden exekutiboek soldata milioidunak jasotzen jarraitzen dute –pandemiak pandemia–, burtsan kotizatzen duten enpresa handietako beste goi kargu askok bezala.

Juan Mari Arregi 2021eko otsailaren 18a

Carlos Torresek, BBVAko presidenteak, 4,09 milioi euro irabazi zituen 2020an –2,45 milioi soldata finkoarekin eta 1,64 milioi erretiro- aurreikuspenarentzako–. Banku horretako Onur Genc kontseilari delegatuak, berriz, 3,43 milioi euro irabazi zituen –2,18 milioiko soldata eta 1,25 milioiko osagarria, ordainsari finko eta  mugikortasunerako–.

Haien diru-sarrerak askoz handiagoak izan zitezkeen, soldata horiek 2019an baino %44 gutxiago baitira, "pandemia iritsi zenean, Europako Banku Zentralaren  gomendio bati jarraiki, ordainsari aldakorrari borondatez uko egin ziolako bankuaren kupulak ". Azken egunetan ezagututako datu ofizialak dira. Antzeko soldatak irabazten dituzte Espainiako Estatuko Ibex 35 burtsa indizean kotizatzen duten enpresetako kupula gehienetan –adibidez, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak 3,36 milioi euro jaso zituen iaz–, baita Frantziako Estatuko CAC 40an kotizatzen dutenen artean ere.

Patronalen elkarteetan eta antzeko erakundeetan dituzten ordezkariekin presionatuz, enpresari horiek, gobernuen politika ekonomikoak, eredu sozialak eta soldatak baldintzatzen dituzte lotsarik gabe. Espainiako Estatuan adibidez, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) eta pentsioen igoerak zelatatu, kontrolatu eta geldiarazi dituzte.

Milioika pertsonak, hilero 950 euroko LGS-rekin edo  1.000 eurotik beherako pentsioekin biziraun behar du haien erruz. Beste asko langabezian edo marjinazioan daude, eta pobreziaren atalasearen azpitik bizi dira. Egungoa bezalako sistema bat –kapitalista–, gutxi batzuentzat hainbeste aberastasun eta gizartearen gehiengoarentzat hainbeste bidegabekeria eta desberdintasun eragiten dituena, bidegabea, insolidarioa eta onartezina da.

Pertsona, talde, elkarte, alderdi politiko, sindikatu… denon esku dago sistema alternatibo bat eraikitzeko aukera. Gutxiengo batek gehiengo sozial baten lanarekin sortutako aberastasunaz soldata milioidunak izatea eragotziko duen beste sistema justuago bat izateko abagunea.