Gutxienez 12.000 urte dituen Hasankeyf hiria eta inguruko herrixka ugari urperatu ditu presak eta milaka lagun etxerik gabe utzi. Bankuak proiektuaren finantzazioan duen ardura gaitzetsi du BBVAren aurkako plataformak.
Tigris ibaiaren altzoan, antzinako Mesopotamiako hiri garrantzitsu batek iraun du gaur arte, egungo Turkiako Kurdistanen. Gaur arte. Recep Tayyip Erdoğanen gobernuak presa handi bat eraiki du Ilisu bailaran eta urpean utzi du egunotan Hasankeyf hiria, balio historiko kalkula ezina duena. Hainbat adituren aburuz 10.000 urteko antzinatasuna du, beste batzuek 12.000 urte egiten dute atzera Kurdistan iparraldeko asentamendu horren sorrera datatzeko orduan.
Proiektua aspaldikoa da, baina alarma eta larrialdi deiak iaz zabaldu ziren nazioartera, 2019ko uztailean behin presa eginda urez batetzen hasi zirelako eremua. Ordukoan mundu mailako kanpaina bat abiatu zuten haren defentsan. Kultur sarraskia soilik ez, kalte ekologikoak –berez Turkiak Kontserbazio Naturaleko Eremu gisa dauka izendatuta– eta humanoak ere sortuko ditu, hiri horrez gain, inguruko beste 85 herrixka guztiz urpean utzi baititu.
Hasankeyf hiriaren aldeko plataformaren esanetan, 40.000 eta 70.000 pertsona artean migratzera derrigortuak izan dira ondorioz, haientzako soilik lau kanpamendu eraiki baititu Turkiako Gobernuak, askori inolako kalte-ordainik eman gabe gainera.
Plataforma honek jakinarazi duenez, abenduaren amaieran jadanik ura Hasankeyfeko erdiguneraino iristen zen arren, oraindik familia ugarik alde zaharrean jarraitzen zuten nora joan ez zekitelako. Beste familia askok euren ogibidea eta diru-sarrera nagusia den turismoaren gainbehera nozitu dute, hiriaren gaztelua erabat inguratuta baitago harresi itsusi eta handi batekin urak jan ez dezan, eta eraikuntza lanek azoka zaharra eraitsi dute, 2.000 urteko arrasto arkeologikoak agertu diren arren.
BBVAren "makro-etekinak"
Ilisuko urtegiaren atzean dauden interesak ez dira Turkiako herrialdera mugatzen. BBVAren kontrako plataformak salatu du banku horrek daukan erantzukizuna sarraskian. Azaldu dutenez, 2001ean Erresuma Batuko bankuek eta 2009an Alemania, Suitza eta Austriakoek proiektuaren finantzazioa alboratu zuten kalte larriak eragingo zituelako; BBVAk, aldiz, ez du atzera egin ezta zalantzan jarri ere, plataformaren arabera "makro-proiektu honek makro-etekinak ekarriko dizkiolako".
Azaldu dutenez, BBVAk "Turkian finkatzeko apustu sendoa egindu Garanti Banken bidez" eta Ilisuko proiektuan parte-hartzeak gobernuaren laguntza ekarriko dio helburu horretan. Turkiak energia beharragatik baino uraren bidez inguruko herrialdeak kontrolatzeko erabiliko ditu presa hori eta Kurdistango beste batzuk, diotenez.
BBVAren jarduna ez da auzitan jarri Kurdistango urtegi horrengatik bakarrik, Kolonbian eta Dakotan ere antzeko jokabidea duela gaitzetsi dute: "Zer balio etiko dago horretan guztian?". Hala, plataformak bankuaren kontrako kanpaina eta ekintzetan parte hartzera deitu ditu herritarrak, zehazki martxoaren 13an Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den batzar nagusia dela-eta antolatu duten protestara.