argia.eus
INPRIMATU
BBK Liven atarian protesta deitu dute lan-baldintzak salatzeko
  • Ostegunetik aitzina egingo da festibala Bilbon, Kobetamendin. Behin baino gehiagotan salatu da bertako langileek baldintza negargarrietan egiten dutela lan, eta ostegunerako protesta deitu du Laneko Autodefentsa Sareak, 19:00etan, EiTBren egoitzaren aurrean. Langileentzako gida ere prestatu du aipaturiko taldeak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko uztailaren 09a

Hamazazpi ordura arteko lan-orduak, orduko 5 eurora iristen ez diren soldatak, atzerapenak ordainketetan, lo egiteko eta jateko eta edateko baldintza negargarriak, lan-arriskuak eta istripuak, kontraturik gabeko jardunak... Halako salaketak behin baino gehiagotan egin dira Last Tour enpresak antolatzen dituen festibaletan; berriki Gasteizko Azkena Rock jaialdian, eta lehenago BBK Liven aurreko edizioetan.

Ostegun honetan hasi eta astea bukatu bitartean, BBK Live makrofestibala egingo da Bilbon, Kobetamendin. Testuinguru horretan, Bilboko Laneko Autodefentsa Sareak "miseriazko lan-baldintzak" salatzeko ekintza egin du Kobetamenditik gertu: BBK Live EZ ipini dute larreetan. Aste batzuk lehenago ere, BBK Live-en atariko jaialdietako batean, Hirian deiturikoan, protesta egin du Bilboko Errekaldeko Etxarri II gaztetxeak, aipaturiko ekimen hori auzoan bertan antolatzen zela probestuta. "Bankuen eta enpresa handien makrojaialdien aurrean, guk argi daukagu gure jarrera: bestelakoa izan den aisialdia garatzea eta horretarako baliabide eta espazioak defendatzea", esan dute gaztetxeko kideek, Gedar-ek jaso duenez. Zenbait pintaketa eta pankarta ere ikusi ahal izan dira Errekalde auzoan.

BBK Live jaialdia hastekoa denean, ostegun arratsaldean, Laneko Autodefentsa Sareak elkarretaratzea deitu du EiTBren San Mameseko egoitzaren atarian, 19:00etan.

LAB sindikatuak aurreko astean ARGIAra igorritako gutunean lan-baldintza eskasen inguruko salaketa egiten zuen.

Lan-baldintza negargarrien aurrean, gida

BBK Liven lanean ariko direnentzat gida bat prestatu du Laneko Autodefentsa Sareak, langileek dituzten hainbat eskubide gogoan izateko eta hainbat gomendio emateko. Bertan ohartarazi dute, besteak beste, enpresak gaueko lanari loturiko plusak ordaindu behar dituela, betiere beharra 22:00etatik 06:00etara egiten bada; langileek eskubidea dutela lanen bati uko egiteko, enpresak horretarako prestakuntzarik, tresnarik edota segurtasun ekipamendurik bermatu ez badie; egun bateko gehienezko lanaldia zortzi ordukoa dela gehienez, 30 minutuko atsedenaldia bermatu behar dela, eta zortzi orduak gainditzen badira, ordu horiek guztiak estra gisa ordaindu behar dituela enpresak; eta, lanaldi batetik bestera, gutxienez hamabi orduko atsedenaldi bat izan behar dutela beharginek.

Soldatari dagokionez, bestalde, Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata neurritzat hartu behar dela gogorarazi dute gidan –alegia, urteko hamabi ordainketako ratioa hartuta, 1.323 euro–; eta, jaialdia Bilbon izanik, Bizkaiko ostalaritza hitzarmena eta sektoreari dagokion Espainiako Estatuko hitzarmena aplikatu beharko lituzkeela enpresak.

Lan-baldintza urraketen aurrean antolatzeko deia ere egin du Laneko Autodefentsa Sareak. Harremanetarako bi bide zabaldu dituzte: lanekoas.bilbo@gmail.com eta 624.478.671 telefonoa.

Zer da Last Tour?

Urtean 100 milioi euroko fakturazioa egiten duen enpresa da Last Tour, Bizkaian fakturatzen duena, besteak beste, BBK Live, Azkena Rock, BIME –Espainiako Estatuko edizioez gain, atzerrian ere antolatzen ditu–, Santaspascuas, BilboRock eta beste hainbat festibalen antolatzailea. Bilbon jatetxe bat ere badauka, mila metro koadroko areto bat ere bai, Oso Polita disko zigilua, Liburuak deituriko editoriala... eta beste izen batzuen pean egiten dituen beste hainbat negozio ere bai. Duela gutxi Espainiako patronala den CEOEn sartu da.

Euskaraz lau tanta baino ez ditu egiten jabe bilbotarra duen enpresak, eta kasu askotan oker, gainera. Basque delakoaren folklorizazioa bai egiten du, ordea. Esaterako, iazko BBK Live jaialdiari hasiera emateko ekitaldian aizkolari bat kontratatu zuten auto bat erditik hausteko. Hitz konkretu batzuk euskaraz ipintzen dituzte, baina turismoa erakartzeko amu dira. Ez da kasualitatea, eta Bilboko Udalak publikoki aitortua da, BBK Live jaialdia sanferminen bueltan antolatu izana. Pack edo "esperientzia" bultzatzeko modua da, turistak erakartzeko; duela ez hainbeste, atzerrian saldu ziren zenbait abonuk, BBK Live-en hiru eguneko jaialdiaz gain, surf ikastaroa eskaintzen zuen Zarautzen eta joan-etorri bat sanferminetara. Gainera, Jon Urzelaik Su festak liburuak azaltzen duenez, edizioren batean merkeagoa zen BBK Live-n abonua Londresen erostea Euskal Herrian egitea baino.

BBK Live-k eta Last Tour-ek bestelako enpresa espekulatzaileekin duten negozioa ere bistakoa da. Esaterako, etxebizitzen merkatuan eragile nagusienetakoa den Idealista-k bere postutxoa jarri zuen iazko edizioan, baita Vueling hegazkin konpainiak ere. Ez da kasualitatea: iazko edizioan, BBK Live-eko lau bisitaritik bakarra zen Araba, Bizkaia edo Gipuzkoakoa.

Dena den, iazko BBK Live jaialdia amaitu berritan, antolatzaileek prentsa oharrean nabarmendu zuten hitza jasangarritasuna izan zen: "Ingurumenaren aldeko konpromisoan erreferentziazko jaialdia da gurea, musika ingurunearekiko kontzientziarekin uztartuta". Lau arrazoi ematen zituzten jasangarriak izan zirela nabarmentzeko. Bat: 3.000 pertsona oinez igo ziren Kobetamendira. Bi: margolan edo antzerako koadro bat jarri zuten jaialdian, "kontzientziazioa" egiteko. Hiru: oholtzaren inguruan hostoak ziruditen lona berdeak jarri zituzten. Eta lau: sarrera bakoitzeko hiru euro Balmasedan eta inguruetan izandako suteen kalteen erreparaziora bideratuko zituztela esan zuten –ideia bat egiteko: hiru eguneko abonuak 200 euro balio zituen–.

Luze eta zabal mintzatzeko ematen dute BBK Live-k, Last Tour-ek eta, oro har, makrofestibalen eredu basatiak. Duela urtebete azala eman eta erreportaje sakona eskaini genion ARGIAn, 2.835 alean.