argia.eus
INPRIMATU
BBK Live salatu du kontsumitzaile elkarte batek, kanpoko janaria sartzea debekatzeagatik
  • FACUA kontsumitzaile-elkarteak BBK Live festibala antolatzen duen Last Tour enpresa salatu du, ez duelako uzten kanpoko janaririk eta edaririk sartzen musika-jaialdia egiten den eremuan.

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 04a
BBK Live jaialdira kanpoko janaria sartzeko debekua gehiegizkotzat jo du FACUAk.

Kontsumitzaile elkarteak BBK Live festibalaren webgunearen informazio orokorreko atalean irakurtzen den debeku batengatik erabaki du salaketa jartzea. Last Tour enpresak, BBK Live-ren antolatzaileak, festibalaren eremura sar ezin daitezkeen gauzen berri ematen du, besteak beste su-artifizialak, pertardoak, labanak… eta kanpoko janaria eta edaria. Azken debeku horrek eraman du FACUA salaketa jartzera.

Kontsumitzaile elkarteak gogora ekarri duenez, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen legeak adierazten du kanpoko janaria eta edaria sartzeko debekua “gehiegizko klausula” gisa hartu behar da. Gainera, FACUAk gogora ekarri du auzi horren inguruan dagoen jurisprudentzia, Gaztela eta Leongo (Espainia) Justizia Auzitegi Nagusiak zinema-aretoetara kanpoko janaria sartzeari buruz emandako epaia besteak beste.

Kontsumitzaile-elkartearen ustez, mota horretako neurriek zentzua edukiko lukete, janariak edo edariak saltzea jarduera nagusi duten lokaletan, baina ez musika festibal baten kasuan.

Bigarren aldia da FACUAk BBK Live salatzen duena. Aurretik, 2016an, Kontsumobiden salatu zuen jaialdiak ez ziela “cashless” eskumuturrekoak erabili zituzten bezeroei gastatu gabeko dirua itzuli.