Festibaleko autobusak gelditu eta haietako bat margoz estali dute bertako langileen lan baldintzak arbuiatzeko. Horrelako ekimenek sostengatzen duten hiri eredua ere salatu nahi izan dute.
Aurreko asteburuan BBK Live festibala ospatu da Bilbon. Azken asteetan bertan lan egiten duten gazteen lan baldintzak direla-eta eztabaida piztu egin da.
Bilboko Ernaiko kideek asteburuan festibaleko autobusak gelditu dituzte eta horietako bat estintore batekin margoz estali dute. Zabaldu duten pankartan "Last Tour esplotatzaile udaletxea laguntzaile" mezua irakur zitekeen. BBK Live-ko langileen egoeraz gain, "festibalak berak sustatzen duen hiri eredua" salatu dute: "Argi dago Aburto eta kapitalaren arteko aliantza honek gazteon prekarietatearen arrazoi nagusietako bat dela gaur egun Bilbon".