argia.eus
INPRIMATU
BBK Live jaialdiko lan baldintza txarrak salatzen ari dira hainbat langile
Amaia Lekunberri Ansola 2019ko uztailaren 11
(Argazkia: BegoƱa / Flickr)

Urtero bezala, aurten ere BBK Live jaialdia egingo da Bilbon, ostegunetik igandera bitartean. Jaialdiaren ataritan, berau antolatzen duen Last Tour enpresaren eskumeneko jaialdietan langileek izaten dituzten lan baldintza txarrez ohartarazi zuen Eragin Bilboko gazte prekarizatuen asanbladak, kanpaina baten bidez. Asanbladak astelehenean jakinarazi zuenez, baina, Last Tour-ek salaketarekin mehatxatu zituen, eta hargatik kanpainaren baitan egindako argitalpenak ezabatu zituzten.

Oztopoak oztopo, prekarietatea salatzen jarraituko zutela azpimarratu zuen Eraginek. Esan eta egin: Bilboko Udalaren partetik BBK Live jaialdia ospatzeko 1.400.000 euro jasotzen dituen enpresarentzat lan egin duten hainbat pertsonak helarazitako mezuak argitaratu dituzte Twitter kontuan. Mezuetan irakur daitezkeen lan baldintza txarrak ugari dira, eta zerrenda handituz doa. Eraginek lan baldintza txarrak salatzera deitu ditu BBK Liveko langile eta langile ohiak, eta helburu horrekin e-posta helbidea luzatu du: eraginbilbo@gmail.com.

Lan baldintza txarren zerrenda potoloa

Eraginek salaketei tokia eman asmoz abiatutako hariaren hasieran, barran zerbitzari gisa arituko diren langileei luzatzen zaien arautegia aurkitu dezake irakurleak: “Debekatua dago eskupekoak onartzea”, jartzen du letra lodiz. Atzetik dator iaz jaialdian lan egin zuen batek helarazitako mezua, bere gogoaren kontra zortzi ordutik gora lan egitera behartu zutela salatuz: “[langileei dagokionez] motz geratu ziren larunbatean, jaialdiko azken egunean, eta hamalau orduz lan egitera behartu ninduten, aparteko orduak sartu nahi ez nituela eta joan egin nahi nuela esan nien arren”. Beste batek dio Last Tourreko zuzendariari entzuna diola soldatatzarra dela orduko 7 euro irabaztea.

Valentziako enpresa baten bidez jaialdian lan egin zuen batek ere egin du bere ekarpena, azpimarratuz arreta deitu ziola adinez “heldugabeak” ziren langile mordoak. Horrez gain, bere bizipena ere kontatu du: hamabi orduko eta deskantsurako etenik gabeko lan jardunak egin zituela dio, eta enpresak jatekorik eta edatekorik ez ziola eman; horrez gain, jaialdi guztia kontratua erreklamatzen eman eta azkenean kontraturik egin ezin ziotela esanez kontu korrontea eskatu ziotela ere azaldu du. Hiru hilabeteko atzerapenarekin ordu bakoitza 3,45 euro ordaindu ziotela salatu du.

Aurtengo edizioan lan egingo duenik ere bada mezuak helarazi dituztenen artean. Lan baldintzak azaltzeko enplegatzaileekin egindako bileraz mintzo da bat, eta jakinarazi du bilera horretan 10, 12 eta 17 orduko turnoak banatu direla langileen artean. “Ikuskatzailea etortzekotan zortzi orduko jardun osoko kontratua dugula esan behar dela azaldu digute”, gehitu du.