argia.eus
INPRIMATU
BBK Live jaialdiak inguruko auzoetan eragiten dituen arazoentzat irtenbidea eskatu dute auzotarrek
  • Agindutakoaren kontrara, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak arazoei konponbiderik ez diela eman jakinarazi du Altamirako ‘Guztientzat’ auzo elkarteak.

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 11

Uztailaren 12tik 14ra egingo da hamabigarren BBK Live jaialdia, Bilboko Kobeta mendiko parkean. Makroekitaldiak inguruetako auzoetan eragozpenak eragiten dituela eta auzokideen segurtasuna arriskuan jartzen duela adierazi du Guztientzat auzo elkarteak, eta jakinarazi du konponbideak bilatzeko xedeaz azken urteetan elkarlanean aritu direla Altamira-Arestizabala auzoko bizilagunak eta Udala. Egiteko asko dagoen arren, Udalaren partetik egoera hobetzeko lanean jarraitzeko asmoa nabari dela diote auzotarrek. Salbuespen batekin, Alfonso Gil PSEko zinegotzia buru duen Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak horretarako asmorik ez duela erakutsi baiteritzote.

“Ia urtebete pasa da Gil-ek 2018ko ediziorako guztia konponduta egongo zela promestu zuen lehen bileratik, baina BBK Live hasteko egun gutxi falta diren honetan, aurreko urteetako egoera berbera mantentzeko asmoa dauka, emandako hitza janez”, salatu dute. Aurten ere gauza berbera hitz eman duela gaineratu dute, baina hitza idatziz eman nahi izan ez duenez, ez duela esandakoa beteko interpretatu dute auzokideek.

Jaialdiak gertuko auzoetan eragiten dituen albo kalteen artetik, Gil-en eskumenekoak diren bi puntu beltz identifikatu dituzte auzokideek: Altamira auzoan ezarritako taxi geralekua eta Bilbobus zerbitzuko 28 eta 58 lineen kolapsoa. Taxi geralekuari dagokionez, Altamira auzoko sarbide bakarra kolapsatzen duela ohartarazi dute. Horrek eragiten dituen eragozpenak alde batera utzita, ardura agertu dute larrialdi zerbitzuen beharra egongo balitz sortuko liratekeen arazoekin. Bilbobus zerbitzuaren inguruan, bestalde, auzotar askok aipatu dituzte beraien etxera heltzeko izaten dituzten arazoak eta autobusek bidaiari-edukiera gainditu egiten dutela azpimarratu, hau arriskutsutzat joaz.

Auzotarrek adierazitakoaren arabera, orain urtebete egoera hobetzeko bideragarriak ziren proposamenak egin zizkioten Gil-i, nahiz eta honek esku-hartzerik egin ez. Mugikortasun eta Jasangarritasun sailetik “luzamendutan” aritu direla adierazi dute, eta hitzorduak lotzen ahalegindu diren bizilagun batzuei emandako tratu “ezatsegina” salatu. “Proposamena egin zaien arren, ez daukate ausardiarik auzora aurpegia ematera etorri eta beraien postura azaltzeko, jendea arriskuaren aurrean bakarrik utziz”.