argia.eus
INPRIMATU
BBCk Irlandako gaeleraren aurka jarduten duela salatu dute
  • BBC Erresuma Batuko hedabide publikoak Irlandako gaelerari emaniko tratua salatu dute hizkuntzaren aldeko ekintzaileek; hamarnaka lagunek elkarretaratzea egin dute komunikabideak Belfasten duen egoitza kanpoan, eta kexa ezarri diote.

Iker Oñate Aiastui @iker_onate 2016ko maiatzaren 10
Hamarnaka lagunek elkarretaratzea egin dute komunikabideak Belfasten duen egoitza kanpoan. (Arg: Sinn Féin)

BBCk hauteskundeen harira antolatzen dituen bi eztabaida saiotan hartu du parte Cónall Ó Corra ekintzaileak; hautagaiak itauntzeko aukera eskaini zioten. Komunikabide publikoak ez zion Irlandako gaeleraren inguruko galderetan sakontzen utzi. “Good Friday Agreement Generation saioan hizkuntzaren inguruan galdegitea lortu nuen arren, ezin izan nuen sakondu”, salatu du.

Niall Ó Donnghaile Sinn Féin alderdiko kide eta Irlandako Errepublikako senatariak ere parte hartu du protesta ekitaldian. “Hedabide publiko batek komunitate osoa islatu behar duen neurrian, BBCn presente egon behar luke Irlandako gaelerak, baita hiztunaren kezkak ere”, adierazi du.

Bere aldetik, BBCk azaldu du Irlandako gaelerak presentzia izan baduela komunikabidean. Gogorarazi du Nothern Ireland Screen Ipar Irlandako telebista agentziaren kolaborazioez elikatzen dela, besteak beste.

Protestaren bideoa hedatu dute:

YouTube / Sinn Féin - via Iframely