argia.eus
INPRIMATU
Frantziako hauteskunde legegileak
Baztertuak
  • Frantziako Legebiltzarrerako bozek erakutsi dute jendeengan errotua den politikaren erabakimen guneetatik baztertuak izateko sentimendua zein neurritaraino zabaldua den.

Itxaro Borda 2017ko ekainaren 12a

Gazteak eta klase herrikoienak dira arrantzara joaten hauteskunde egunetan, abstentzioak hautesleen erdia ukitzen duelarik, hauteskundeen ondorioen balioa zalantzan jarriz. Hiritartasunarekiko duda handiak badira gainera, eskubideak ukan arren, deretxoak erabiltzen ez dituzten ustezko bigarren mailako bizidunen kategoria hazten doalarik.

Macronen aldeko uhinak guztia ito du, egia: hauteskunde baino Napoleon III.-aren denboran bezala plebiszitu bat izan da. Baina beste fenomeno batek ere eragin duke: lehendakariaren ingurukoek errepikatu dute legeak, parlamentuaren beharrik gabe, ordenantza bidez pasaraziko zituztela, Legebiltzarraren funtzioa ukatuz. Baldintza horietan zergatik igandea galdu baliorik ez duen botoaren emateko?

Frantses bizitza politikoa berritzearen estakuruz Macron eta bere milizia neoliberalak House of Cards telesaileko Francis Underwood miresgarriak, bai eta Trump txiolariak, ireki ildotik urratzeko xedea dute, funtsean gutxiesten duten Legebiltzarraren gainetik iraganez.