Valentzian denboraleak eragindako hildakoen eta kalteen atzean faktore meteorologiko hutsak daudela pentsatzea inozoegia litzateke. Generalitateak larrialdia nola kudeatu duen salatu du askok, baita multinazionalen negozio egarria lehenetsi dela ere. Eta gune pobreenak kaltetu dituen urbanismo baztertzaile bat ere badagoela ikus dezakegu, mapak elkarren ondoan jarrita.
Urriaren 29an Valentzian izandako erauntsia “historikoa” dela azpimarratu du Aemet agentziak, Espainiako Estatuan mende batean izandako tanta hotz handiena. Baina horrek bakarrik ez du azaltzen gertaturikoa. Klimaren zoratzearekin –eta gizakiaren eskuarekin– zerikusia duten beste arrazoi batzuk alde batera utzita, Valentziako Generalitateak larrialdiaren aurrean izandako negligentzia kritikatu du askok.
Júcarreko Ur Konfederazioak ere eguerdirako alarma jo zuen, baina ia zortzi ordu berandutu zen Carlos Mazónen gobernua abisua aktibatu eta herritarrei ohartarazten. Jadanik berandu zen
Egun horretan meteorologia agentziak goizean goizetik abisu gorria emana zuen, Júcarreko Ur Konfederazioak ere eguerdirako alarma jo zuen, baina ia zortzi ordu berandutu zen PPko Carlos Mazónen gobernua abisua aktibatu eta herritarrei ohartarazten. Jadanik berandu zen. Are gehiago, Mazónek berak arratsaldeko lehen orduan, oraindik erauntsiaren okerrena iristear zela, esan zuen egoera “egonkorturik” zegoela eta okerrena pasa zela. Sare sozialetatik hanka sartze hori borratu du Valentziako presidenteak.
"Negazionismo klimatiko kriminala"
Bistakoa da Valentziako PPk erakutsi duen utzikeria klima larrialdiari aurre egiteko neurriei dagokienez. Mazónek, Voxen babesarekin agintera iritsi zenean egin zuen lehen gauzetako bat Valentziako Larrialdien Unitatea ixtea izan zen, “txiringito” bat zela esanda. “Negazionismo klimatiko kriminala”, deitu dio horri Contexto aldizkariak bere editorialean.
Bestalde, iragarpen baliabide gehiago eta protokolo garbirik ez izateak hondamendia areagotu du: “24 ordu lehenago jakin izan bagenu zein izango ziren Valentziako gune kritikoak, seguruenik abisua lehenago aktibatuko zen”, azaldu dio La Vanguardia-ri Meteoredeko kide batek. Sareetan birala bihurtu da nekazari batek aurretik zabaldutako mezua, salatzen Valentziako Aemeten radarra ez zebilela. Gero agentziak gezurtatu egin du halakorik.
Valentzian “euriak ez daki euria egiten”, gogorarazi du Nuria Cadenesek Vilaweben egindako kronikan, lurralde haietako abesti ezagun batek dioen bezala. Hedabide horretan azaldu dute Paiportan (40 hildakotik gora) gertatutakoa: herria erdibitzen duen Xiva errekatik erauntsia iritsi zenean, ez zuen euririk ere hari: “Inork ez zien abisatu infernua zetorrela herrira”. Eta hori agintarien ardura da.
Eskerrik asko, Mercadona
Negazionismoa eta negozionismoa sinonimoak izan daitezkeela ikusi dugu oraingoan. Abisurik eman gabe, jendea lanera bidali zuten berdin-berdin arratsaldez. Produzitzera. Aterik itxi ez zuten Mercadona, Ikea eta antzeko multinazionaletako langileen testigantzak ezagutu ditugu sareetan: “Bizia jokatu dugu lau gauza saltzearren”, zioen haietako batek. Bitartean, Valentziako alkateak (PP) eskerrak eman dizkio Mercadonari kaltetuen artean jakiak banatzeagatik.
Eta badira esaten dutenak hau guztia askoz okerragoa izango litzatekeela Francok ez balu Turia ibaiaren arroa desbideratu. Eskuineko zenbait hedabidek nabarmendu dute 1957ko Gran Riuada-ren ondoren egindako obrek salbatu dutela hiria urpetik. Baina mapek ez dute halakorik erakusten, Turia “berriaren” hegoaldea izan baita batez ere urak hartu duena.
Hegoaldeko periferia horretan hamarkada askotan poligonoak eta autopistak eraiki dira, herrien eta nekazaritza lurren artean. Baina mantentze lan eskasak egin dituzte, kutsadura eta zikin ugari jasotzen duen Xiva errekarekin gertatu bezala
Hegoaldeko periferian poligonoak eta bazterketa
Hegoaldeko periferia horretan hamarkada askotan poligonoak eta autopistak eraiki dira, herrien eta nekazaritza lurren artean. Baina mantentze lan eskasak egin dituzte, kutsadura eta zikin ugari jasotzen duen Xiva errekarekin gertatu bezala, Vilawebek azaltzen duen moduan.
Paiporta, Alfafar, Aldaia, Torrent... dira ingurune horretako herrietako batzuk. Denboraleak kaltetuenak, hildako gehien izan dituztenak. Eta jartzen baditugu bi mapa elkarren ondoan, demagun, uholdeek harrapaturiko Turia ubidearen hegoaldeko eremukoa alde batean, eta auzoz auzoko per capita errentarena bestean, konturatuko gara inozoegia dela pentsatzea erauntsi “historiko” baten patu hutsa denik gertatutako hau guztia.