Martxoaren 24an zabaldu zituen ateak Iruñeko Jesus eta Maria aterpeak, muturreko bazterkeria sozialean aurkitzen diren herritarrei zuzendua. Deseskalatzearen hirugarren fasean, aterpearen helburua bukatutzat eman du Udalak. 74 pertsona artatu ditu bi hilabete eta erdian.
Epe horretan, aterpeko langile eta erabiltzaileetatik inor ez da koronabirusaz kutsatu, Udalak adierazi duenez. Artatu dituzten lagunetako asko kalean bizi ziren, batzuk pisu partekatuetan zeuden alarma egoera ezarri zenean, gutxi batzuek autoan edo furgonetan egiten zuten lo, hainbat egoera tamalgarrian zeuden etxebizitzetan bizi ziren, bakarren bat psikiatrikotik iritsi zen eta pare bat espetxetik zetozen.
Aterpetik igaro ostean, horietako batzuk etxebizitza beharra asetzeko baliabideetara bideratu dituzte eta beste batzuk pisu partekatuetan sartu dituzte, Udalaren arabera. Erdia baino gutxiago dira horiek, ordea.