argia.eus
INPRIMATU
Bazterkeria arriskuan diren gazteek beren historia “berridazteko” metodologia
  • Bazterkeria arriskuan diren gazteek idazketa landuz beren historia "berridaztea" eta inklusioa lortzea ditu helburu Sofía Brotóns irakasleak egindako Gida Metodologikoa -k.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 23a
Sofía Brotóns egilea Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialen kontseilariarekin. Argazkia: navarra.es.

Idazketa terapia moduan erabiltzen du 16-18 urte bitartekoentzako RYOS programak (ingelesezko sigletan "berridatzi zure historia") eta Sofía Brotóns irakaslea da bertako buru. Idazketa eta batez ere narrazioa erabiltzen ditu autoezagutza hobetzeko eta gazteek etorkizunari buruz dituzten irudikapenak hobetzeko: "Gazteak adin txikikoen zentroetara iristen dira jada idatzita dagoela dirudien etorkizunarekin, aldiz, haiek direnean idazten jartzen direnak, gai dira beren etorkizunari buruzko aukera infinituak birformulatzeko", azaldu du Brotónsek. Idazketak eta berridakurketak hausnartzeko gaitasuna hobetzeko eta integrazioa hobetzeko dakartzaten onurak azpimarratu ditu.

Brotónsek egin du Gida Metodologikoa eta lan hau doktoradutza ikerketarako egindakoa da. 2017 eta 2020 urteen artean Iruñeko Etxebakoitz tailerrean eta Garesko zentroan hiru urtez erabili du esku-hartzeko erreminta gisa. Gazteen bazterkeriari lotuta lan egiten duten terapeutei eta gizarte langileei dago zuzendua gida hau.

Gazte bakoitzari entzun behar baitzaio

Lanaren aurkezpen orrian azaltzen duenez, gaur egun adin txikikoen zentroetara doazen gazteen egoerak oso anitzak dira eta RYOS programak kontuan hartu nahi ditu gazte horietako bakoitzaren ezaugarriak, pertsona bakoitza bakana dela hartu nahi du oinarri moduan, eta bakoitzaren historia garrantzitsua izateaz gain, entzuna izatea eta bereziki artatzea merezi duela aldarrikatu nahi du.