argia.eus
INPRIMATU
Baztango Udalak ezezkoa emanda, Arxuriako pista ez dute egingo
  • Baztango Udalak ez ohiko bilkuran hala bozkatuta, Arxuriako lepoan egitekoa zen bide berriaren proiektua bertan behera geratu da. Kontra bozkatu dute EH Bildu eta Baztango Independenteetako sei hautetsik, eta abstenitu egin dira Zurekin Baztan, UPN eta Geroa Baiko bost zinegotziak.

Jon Torner Zabala @jtorner 2023ko urriaren 18a
Argazkia: Erran.eus

Bozketan ez dute parte hartu EH Bildu eta Independenteak taldeetako hautetsi banak. Hasiera batean Baztango Independenteak proiektuaren alde agertu ziren, baina Sara eta Zugarramurdiko herritarrek protestak deitu, taldeko hautetsiek baztandarrekin gaiaz eztabaidatu eta bide berria eraikiko litzatekeen eremua bertatik-bertara ezagutu ondotik, ezezkoa ematea erabaki du. Arxuriako lepora heltzeko pista berri bat ziren eraikitzekoak, parapentea eta delta-hegala praktikatzeko aukera eskaintzen duen Bidasoa Arxuria Group enpresak baliatuko lukeena.

Alderdien artean ika-mika sortu du aferak, proiektuari buruz Erran.eus webguneak plazaratutako albisteei erreparatuta jabetuko garenez. Geroa Baik, esaterako, Arxuriko proiektuari uko egin ondotik kaltetu bakarra Baztan izanen dela salatu du; Baztango EH Bilduk Arxuriko prentsa oharrean gezurretan aritzea leporatu dio Geroa Bairi; eta Zurekin Baztan taldeak eman duen abstentzioa azaldu du.