argia.eus
INPRIMATU
Baztango Udalak Donbasseko herriari babesa eskaini dio
  • Ukraina ekialdeko erasoen harira, Baztango Udalak (Nafarroa) Donbasseko herriari babesa emateko mozio instituzionala onartu du eta Pervomaisk herriarekin senidetzeko aukera aztertuko du.

ARGIA @argia 2014ko abenduaren 17a

Baztango Askapenak aurkeztutako testuan “Ukrainako sektore ultraeskuindarrek estatu kolpea eman eta boterea bere gain hartu zutela” adierazi eta Maidan mugimenduaren izaera kolpista eta faxista salatu dute. Euskal erakunde internazionalistaren esanetan “inperialismoaren esku-hartzea” izan da egungo egoeraren erantzule zuzena, “AEB eta Europar Batasunaren babespean Ukraina ekialdeko populazio zibila akabatzen ari direla” salatu du Askapenak.

Bildu eta Ezkerra udal taldeen bozkei esker, eta NABAI eta UPNren abstentzioarekin onartu da mozioa. Baztango Udalak “Luhansk eta Donetsk-eko herri errepublikek erreferendum bidez hautatutako bidea aintzat hartuta, herrien autodeterminazioren alde agertu eta Europar Batasunaren inperialismoa” salatu du. “Donbasseko herri erresistentziari eta bertako jendarte zibilari babesa eta elkartasuna eman eta Donbasseko herriarekiko dinamika solidarioetan parte hartzeko konpromisoa” hartuko duela adierazi du Nafarroako udal horrek.

Elkartasun asteburua Elizondon eta Erratzun

Askapenak antolatuta, Donbassekin elkartasun asteburua ospatu da Elizondon. Ostiralean Kieveko sarraskia dokumentalaren bideo-emanaldiarekin hasi zen eta larunbatean Donbassen izandako ARGIAko korrespontsal Ibai Trebiñok hitzaldia eskaini zuen, elkarretaratzearen eta herri bazkariaren aurretik.

Bestalde, ARGIAk jakin duenez, Luhanskeko Herri Errepublikako Pervomaisk herriak Baztango Udalari elkartasuna eskertzeko asmoarekin gutun bat zuzendu dio. “Pervomaisk herriarekin harreman instituzionala hasteko eta adiskidetasun proposamen bat heldu zaigu Donbassetik” adierazi digu Jon Elizetxe Baztango Bilduko zinegotziak. Ukrainako Gobernuaren artilleriaren erasoak sufritzen ari da Pervomaisk hiria. Ehunka biztanlek bizitza galdu dute eta populazioaren erdiak ihes egin behar izan du. Luhanskeko eta Donbasseko gudaren ikurretariko bat bilakatu da Pervomaisk.